Benito Lertxundi, Esne Beltza eta Huntza taldeen musika emanaldiak; Antton Telleriaren Nekatuak bakarrizketak, Bost Minutun antzerkiak eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek osatuko dute Bastero Kulturguneko eskaintza.
COVID19ak posible egingo balu, abenduak 24an Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, eta urtarrilak 5ean Errege Magoen etorrera aurreikusi dira.
Haurrek eskaintza zabala izango dute, Ludoteka eta Gazte lokalak ekintza ugari antolatu dituzte, Erraldoi eta Buruhaundiak Basteroko erakusketagunean izango dira ikusgai, eta Gabonetako Haur Parkea programatu da Allurralde Kiroldegian.
Pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du egitarauaren garapena, aldaketak egon daitezkeelarik eta baita zenbait hitzordu bertan behera utzi behar izateraino.
Gaur gaurkoz, COVID19aren garapen epidemiologikoak datu baikorrik ematen ez badu ere, Andoaingo Udalak GABON GIROAN Eguberritarako programazio berezia prestatu du. Udaleko lansail ezberdinen arteko elkarlanaren fruitua da zuhurtzia handiz aurkeztu den programazioa. Aurkezpenean parte hartu dute Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotziak, Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, Oscar Mendo Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak eta Alexander Huitzi Euskara zinegotziak.
Etxeko txikienentzako hain bereziak diren egun hauetan, ez da faltako eurentzat bereziki pentsatutako ekitaldirik. Gustu eta adin tarte ezberdinei zuzendutako ikus-entzuneko programazio anitza osatu da. Horiek izango dira gaur goizean udal arduradunek aurkeztu duten Eguberritako kultur egitarauaren ardatzak. Txitxu Ruiz zinegotziak azpimarratu duenez “pandemiaren azken egunetako bilakaera ikusita, COVID-19aren datuek eta osasun-beharrek baldintzatutako egitaraua izango da, momentuan momentuko balizko aldaketak egon daitezkeelarik”. Zinegotziaren iritziz “egitarau konpletoa prestatu dugu, baina ekimen bakoitzaren antolakuntzan segurtasun baldintza guztiak betetzea bermatuko dugu, ezinbestekoa izango da beraz moldaketak eta egokitzapenak egitea, beraz herritarrei pazientzia eskatzen diegu, ahalik eta eraginkorrenak izaten saiatuko gara”
Musika eskaintza anitza: Lertxunditik eta triki-pop doinuetara
Eguberritako kultur programazioaren hitzordu musikal handia Benito Lertxundik emango duen kantaldia izango da. Orioko bardo-ak urtarrilaren 2an, 19:00etan, Bastero Kulturgunean eskainiko du kontzertua. 50 urte baino gehiago ibilbide oparo eta emankorreko abestiekin zaleak gozarazteko eta Ospakizun gauean diskoa aurkezteko asmoarekin etorriko da Lertxundi.
Lertxundiren klasikoez gain, musika-egitarauan beste protagonistak triki-pop doinuak izango dira. Musika estilo honen zaleek galdu ezin duten hitzordua dute abenduaren 30ean, 19:00etan. Xabier Solanok gidatutako ESNE BELTZA-k eta AMAK taldeek oholtza partekatuko dute festa itxura betea hartuko duen emanaldi benetan gomendagarri batean. Bi taldeok elkarrekin, ~triki-poparen oldarraldian hain ezagun egindako kideek osatuak~, ikuskizun berria dakarte aurten, betiko abestiei kutsu berria emanez.
Haien lekukoa hartu duen talde gazte batek, berriz, urtarrilaren 7an joko du Basteron 19:00etan. HUNTZA taldeak Ezin ezer espero lana aurkeztuko du Andoaingo zaleentzat. Disko berri honetan, trikiti doinuak guztiz alde batera utzi gabe, doinu intimistagoetara jo dute. Honen adibide, laugarren lan honetarako Julieta Venegas eta Doctor Prats bezalako artistekin egindako kolaborazioak.
Haur eta gaztetxoen txanda
Inorentzat izatekotan, Gabonak, etxeko txikienentzako dira bereziak eta datozen asteetan ez dute aitzakiarik faltako. COVID19aren bilakaeraren arabera erabakiko da ohiko formatu klasikoa mantenduko den, laguntzaile eta pajeek lagunduta, ala formatu alternatiboren bat landuko ote den. Gabonetako pertsonaiekin hitzorduak honako hauek izango dira:
Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo zaie Oria eta Leitzaran elkartzen diren espigoian, 18:30ean. Euskal ikazkinik ezagunenak txondorra jarriko du Andoainen eta Mari Domingik lagunduta, herriko haurrekin elkartuko dira.
Errege Magoek ere ez dute huts egingo eta urtarrilaren 5ean Goiburu auzotik jeitsiko dira herrigunera, 18:30ean, abiatuko dira Zumea plazatik, Udaletxera arte. Lehenago, 17:00etan, Adinekoen Egoitzara bisita egingo dute.
Txikienekin egiteko irteera polita ere izan daiteke Andoaingo Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ikustera joatea. Harri-kartoizko pertsonaia maitatu hauek ikusteko aukera Basteroko erakusketa gelan egongo da, bertan kokatuko baitituzte Gabonetan (abenduaren 27tik urtarrilaren 8ra).
Halaber, aurten ez da faltako Eguberritako Jolas Parkea. 3 eta 11 urte bitarteko neska-mutikoek puzgarriez, tailer bereziez eta ikuskizunez gozatzeko aukera izango dute Gabonetako oporraldian. Abenduaren 29an, 30ean eta 31n Allurralde kiroldegian jarriko da haur parkea, sarrera doan. Egunaren arabera, ordutegia ezberdina izango da. Hala, hilaren 29ko arratsaldean, aniztasun funtzionala duten gazteei eskainiko zaie parkea, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 30ean goizez (11:00-13:30) eta arratsaldez (16:00-20:00) irekiko da eta 31n soilik goizez.
Gazte lokalak eta ludotekak ere haur eta nerabeei zuzendutako aisialdi eskaintza berezia egingo dute. Gazte lokalak tailerrak eta irteerak antolatu ditu eta ludotekan ekintzak egingo dira hainbat egunetan.
Antzerkiak, bakarrizketak eta pailazoak
Txikienengan pentsatutako programazioa biribiltzeko, TXIRRI, MIRRI ETA TXIRIBITON pailazo ezagunek abesti, txantxa eta jolasez jositako ikuskizuna egingo dute, Bart non ote nintzen ni? izenekoa. Bastero Kulturguneko auditorioan izango da, abenduaren 22an, 17:00etan.
Amaitzeko, antzezlan pare batek osatuko dute egitaraua. Txalo Produkzioen BOST MINUTUN komedia abenduaren 26an eskainiko da (19:00etan). Andoni Agirregomezkorta eta Itziar Urretabizkaia aktoreek guraso gazte bikote baten papera jokatuko dute.
Aldiz, abenduaren 27an Antton Telleria aurkezleak NEKATUAK izeneko bakarrizketa egingo du, zuzentasun politikoaren mugei buruz jardungo duen saioan (arratsaldeko 19:00etan).
Kaleko ekintzak eta kirola
Hasteko eta gabon giroaren atariko, kaleak eta herritarren animoak berotzeaz arduratuko da GORA KALETXIKI TXARANGA abenduaren 11ko eguerdian, 12:00etatik 14:00etara. Izan ere, kale-girorik ez da faltako Andoainen Gabon sasoian, kaleko musikaren programazio berezia egongo baita hiru hitzordurekin. Abenduaren 11koaz gain, OLAGAIN txistulari elkarteak kalejira egingo du Gabon Zahar egunean, 11:00etatik aurrera.
Urtarrilaren 2an, ostera, bertso-poteoak eta trikiti doinuek hartuko dituzte herriko erdialdeko kaleak. Urtea behar bezala amaitzeko, disko festa ere antolatu da herriko disko-jartzaile batekin, DJ Nemux-ekin, hain zuzen. Dantzarako aukera paregabe hau Nafarroa plazan izango da bi tartetan: 20:00etatik 21:30era eta, urte berriari ongi-etorri paregabea eginez, 01:00etatik 3:30era.
Abenduak 18rako aurreikusita zegoen Gaztain jatea bertan behera geratu da (naiz eta etxeetan banatu den esku-orrietan agertzen den). Gerta daiteke kaleko ekintza hauetan ezarri daitezkeen osasun neurri ezberdinetara egokitu behar izatea.
Azkenik, Urtarrilak 8an Emakumezkoen eskubaloiaren urteroko zita ospatuko da, eta Andoainen elkartuko dira Euskadi eta Nafarroako puntako taldeak. Aurten XX. edizioa ospatuko da: infantil, kadete eta jubenil kategoriatan. Goiz eta arratsaldeko kirol jardunaldia Allurralde kirolegian eta Arrate pilotalekuan.
Basteroko Sarrerak eta osasun neurriak
Sarrerei dagokienez, ohiko leku eta moduetan eskuratu ahal izango dira. Bastero Kulturguneko bazkideentzako aurresalmenta abenduaren 2an hasiko da eta salmenta orokorra abenduaren 9tik aurrera izango da. Kulturguneko leihatilan bertan eta Internet bidez, Kutxabank-en webgunean, eskuratu ahal izango dira. Sarrera guztiek 12 euroko prezioa izango dute baina bigarren sarreratik aurrera 10 eurokoa izango da salneurria. Haurren ikuskizunetarako prezioa 4 eurokoa da.
Honekin batera, kontuan hartzekoa izango da pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela programazioaren gauzatzea. COVID-19aren garapenaren arabera eta bete beharreko osasun neurriek hala agintzen badute, saioak aldatu, baldintza berezietan gauzatu ala bertan behera utzi ahal izango dira. Edozein kasutan, antolakuntzak ahal bezain laster jakinaraziko ditu balizko aldaketak eta une oro mantenduko dira osasun eta higiene bermeak.