Hezkuntza Programak

Euskara zine aretoetara

Andoaingo ikastetxeekin adostutako programa da. Urtero etortzen dira ikasleak Bastero Kulturgunera euskarazko pelikulez gozatzera. TINKO euskara elkartearen laguntzaz eta  “Euskara zine aretoetara” programaren barne, herriko ikastetxeei hainbat film euskaraz ikusi eta hauek material didaktikoen bitartez lantzeko aukera eskaintzen zaie. Urtero 1000 ikasletik gora hurbiltzen dira zine aretora.

Goza dezagun zinea euskaraz

Antzerkia ikasleei

Proposamena Andoaingo ikastetxeei zabaldu ondoren, 2013az geroztik DBH, batxiler eta heziketa zikloetako ikasleentzat antzezlan desberdinak eskaini dira. Oso harrera ona duen programa da, bai ikasleen aldetik baita antzerki konpainien aldetik ere, bideo eta telebista ikusteaz gain, gazteek ongi baloratzen dute aktoreen zuzeneko lana.

Ikusleak antzokira hurbil daitezen nahi badugu, antzerkira etortzeko ohitura sortu beharra dago

Egonaldiak

Dantza edo antzezlanak ikustea gustuko dugu baina ikuskizun horiek, prestaketa lan handia eskatzen dute aurretik. Gidoia pentsatu behar da, testuak ikasi, entseguak egin, musika desberdinak aukeratu, argiak diseinatu eta prestatu…

Guzti horrek eszenatoki baten beharra dakar eta hori da hain zuzen ere egonaldien helburua, dantza eta antzerki konpainiek obra berrien azken prestaketetarako leku egokia izatea. Dantzaz konpainia eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izaten ditugu Bastero Kulturgunean, bertan prestatzen dituzte estreinaldiak ondoren publiko orokorrari zabaltzeko.

Dantza eta antzerki konpainiek obra berrien azken prestaketetarako eszenatokien beharra betez