Txupinazoa MAIZORRI txalaparta elkarteak botako du, haien 20. urteurrena ospatzeko.

10 herritarrek sua eta 23ko ekitaldiak ikusi ahal izango dituzte udaletxeko balkoitik. Horretarako, zozketan izena eman beharko dute ekainaren 6tik 10era bitartean.

Musika eskaintza zabala prestatu da eta izen ezagunak nabarmentzeko modukoak dira: Zetak, Doctor Deseo, Foyone, Mikel Moreno, Tremenda Jauría, Puro Relajo eta Gozategi.

Dena prest dago 2022ko Sanjuan jaietarako. Hala, Maider Lainez alkateak eta Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak edizio berezi honetarako aurreikusten diren berrikuntzak azaldu dituzte.

Halaber, aurkezpen ekitaldian bertan aurkeztu dute aurtengo jaietako kartela. Epaimahaiak erabaki du Cesar Nuñez-en Salta otra vez kartela izango dela lan irabazlea, Ruben Lucas-entzat bigarren saria eta Maider Arabaolaza-ren Esentzia kartelak eskuratu du publikoaren saria. 12 eta 16 urte bitarteko artisten kategorian, Intza Elordi-rena da kartel saritua eta bigarren saria Nille Becerra-rentzat izan da. Kartel guztiak Goikoplazako frontoian jarriko dira ikusgai, jai-egunetan herritarrek ikus ditzaten.

Maider Lainez alkateak azpimarratu duenez, azken Sanjuanak ospatu zirenetik 3 urte igaro dira eta “gogo handiz berreskuratzen ditugu herriko jaiak, andoaindarrek asko maite dituzten festak”. Horrela, Lainezek kalera atera eta jaiak aktiboki ospatzeko deia egin die andoaindarrei. Azkenik, alkateak erantzukizunaren aldeko deia egin du: «Jaiez askatasunez gozatu ahal izatea bermatu behar dugu, ez dugu inolako erasorik onartuko, eta Andoaingo plaza publikoa emakumeentzat bereziki segurua izan dadin lan egin behar dugu». Honen harira, Baietzik gabe, ezetz da eslogana gogoratu du.

Txitxu Ruiz kultura zinegotziak erantsi duenez, “herritarrek ahalegin eta sakrifizio handia egin behar izan dituzte pandemiaren garai honetan, espero baino gehiago luzatu baita, eta Sanjuan hauek atzean uzten duguna ospatzeko modu bat izan nahi dute, baita berriro elkartu eta etorkizunari ilusioz eta energiaz aurre egiteko aitzakia bat ere”. Ruizek esan du hilabete asko egin dituztela “programa erakargarria, anitza eta plurala mimoz diseinatzen, andoaindar bakoitzak bere gustuko jarduerak aurki ditzan”.

 

MAIZORRIk 20 urte bete ditu

Jaiei begira, jakiteko zegoen txupinazoa nork edo zein taldek jaurtiko duen aurten. Oraingo honetan, erantzukizun hori MAIZORRI Txalaparta Elkartea-rena izango da. Herritarrek hainbat hautagaitza aurkeztu eta bozkatu dituzte eta, azkenik, txalapartarien proposamenak jaso du babes gehien. Positiboki baloratu da herriko jaietan duten inplikazio aktiboa; txalaparta kalera ateratzeko egin duten ahalegina, guztion ezagutzarako eta gozamenerako. Aurten, elkarteak 20 urte bete ditu talde gisa sortu zenetik. Bi hamarkada emankizunak eskainiz, tailerrak antolatuz edo kaleak alaituz.

 

Lehen mailako musika eskaintza

Musikaren arloari dagokionez, Txitxu Ruizek aukera aprobetxatu du azpimarratzeko Andoain izan dela “udalerri aktiboenetako bat kultur programazioari dagokionez pandemiaren garairik gogorrenean”. Hala,

“kultura sailak beti defendatu du sektorearen aldeko apustua egiten jarraitzearen garrantzia”, zinegotziaren arabera. Hainbat oztopo gainditu dira kontzertuak antolatu ahal izateko, mota guztietako mugekin (edukiera, distantziak, eserlekuak, maskarak), baina beti publikoaren erantzun oso positiboarekin. “Orain, zuzeneko ikuskizunez gozatzeko aukera dugu, jatorrizko formatuan”, Ruizek esan duenez.

Hurrengo Sanjuanetarako, Nafarroa Plazako agertoki handian honako emanaldiak izango dira: Zetak taldea eta diskofestaOihan Vega-rekin (23), Doctor Deseo eta Dukkha herriko taldea (24), urban erritmoak Foyone eta Sofia Gabanna-ren eskutik (25) eta Mikel Morenoren itzulera eta Tremenda Jauria (26).

Goikoplazako agertokitik EGAN (23) eta Gozategi (24) triki eta erromeria doinuekin igaroko dira, erritmo mexikar eta latinoak Puro Relajo taldearekin iritsiko dira, baita munduko talde ezagunenetako bati egindako ikuskizun-tributua ere, Remember Queentaldearekin (biak 25ean).

 

Gustu guztietarako egitaraua

Datozen egunetan, andoaindarrek festen egitarau osoa jasoko dute etxean, eta bertan zehaztuko dira jarduera guztiak. Sokadantza, Salbea, Axeridantza edo haurren danborrada bezalako ekitaldi tradizional eta protokolarioak mantentzen dira. Baita udalerriko kultur elkarte eta taldeen urteko jarduera gehienak ere.

Berritasun gehiago: aurten herriko artisauentzat zabalduko den artisautza azoka (24); ekainaren 25ean ospatuko den erraldoien topaketa, non Andoaingo Erraldoi eta Buruhandien konpartsa beste herri batzuetako (Villabona, Beasain, Elgoibar, Gasteiz) konpartsa gonbidatuekin batera kalera aterako den; edo Ubitartetik Su Artifizialen jaurtiketa, Caballer piroteknikoaren eskutik (26).

Udalak omenaldi txiki bat ere egingo dio Triana Kultur Elkarteari, Tourseko San Martin Elizako arkupean argazki erakusketa batekin.

 

Udaletxetik sua ikusteko zozketa

Ekainaren 23ko gauean, 10 andoaindarrek sua eta honen inguruko ekitaldiak ikusi ahal izango dituzte udaletxeko balkoitik udalbatzarekin batera. Horretarako, zozketan izena eman beharko dute. Ekainaren 6tik 10era bitartean posta elektroniko bat bidali beharko da basteroataria@andoain.eus helbidera. Gaian «Balkoia» adierazi beharko da, eta mezuaren edukian izena, abizenak eta telefono-zenbakia zehaztu beharko dira. Ekainaren 13an zozketa egingo da eta bertan Sanjuan gauean udaletxeko balkoira joateko gonbidapen bikoitza izango duten 5 pertsonak aukeratuko dira.