Pandemia osteko lehen herriko jaietan erabateko normaltasuna berreskuratu ahal izan da.

Nabarmentzekoak izan dira herritarren parte-hartze handia eta portaera ona, 5 jaiegunak gertakaririk gabe ospatzeko aukera eman baitute.

2022ko Sanjuan jaiak ekainaren 27an amaitu eta astebete geroago, balorazio-bilera egin dute udal arduradunek Jai Batzordea osatzen duten elkarte eta taldeekin. Hala, Andoaingo Udalak “oso balorazio positiboa” egin du. Hain zuzen, 3 urte igaro dira jada herriko jaiak azkenekoz ospatu zirenetik, COVID-19aren pandemiaren ondorioz 2020an eta 2021ean ohiko moduan ospatzea ezinezkoa izan zen eta.  Aurreko urteetan emanaldi telematikoak sustatu ziren arren edota murrizketak zituen kultur agenda bat antolatu ahal izan bazen ere, 2022ko edizioak normaltasuna modu erabatekoan berreskuratzea ekarri du.

Apurka normaltasunera itzultzen ari garen urte honetan, Andoaingo Udalak aparteko ahalegina egin du jaiei begira puntako programazioa antolatzeko, eta emaitza izan da herritarrek modu aktiboan erantzun dutela, ekainaren 23tik 27ra bitartean antolatutako ekitaldi guztietan modu masiboan parte hartu baitute andoaindarrek. Nahiz eta eguraldiak zenbait jardueraren garapena baldintzatu duen, jai-eremua bere ohiko jardunera itzuli da hein handi batean. Musika ekitaldi bakarra geratu da bertan behera: hilaren 26an, igandea, Nafarroa Plazan programatutako Tremenda Jauría taldearen kontzertua, hain justu, euriarengatik ezin izan zen aurrera eraman. Beste ekitaldi batzuk, hala nola, Erraldoien konpartsen topaketa edo haurrentzako parkea, Ondarretako patiora egokitu behar izan ziren, ala, esate baterako, La Salle Berrozpeko patiora lekuz aldatu behar izan zuten txuleta jana.

Jendearen erantzunari dagokionez, Goikoplazako ekitaldirik jendetsuenak hilaren 23ko Sanjuan suaren inguruko ospakizuna eta Gozategi, Remember Queen, Puro Relajo eta haurren danborrada izan dira. Publiko eta adin ezberdinei zuzendutako programazioarekin, gaueko zein eguneko ordutegian, jendearen joan-etorria etengabea izan da. Nafarroa Plazan aldiz, Doctor Deseo, Zetak eta Foyone taldeen kontzertuak izan dira nabarmentzekoak. Halaber, aipamen berezia merezi dute kirol probek, Herri Kiroletako saioa, Gipuzkoako txirrindularitza itzulia eta Arrateko pilota partidak nabarmenduz.

Esker ona eta errekonozimendua andoaindarrei

Era berean, Andoaingo Udalak aitorpen berezia egin nahiko lioke andoaindarrek eta herrira jaiaz gozatzera etorri diren lagunek erakutsi duten jokabide on eredugarriari. Udaltzaingoak ez du gertakari larririk erregistratu, eta ez da aparteko esku-hartzerik burutu behar izan. Eredugarria da eraso sexistarik edo bestelako erasorik gabeko jai-eremua bermatu ahal izatea.

Ostalaritzari eta merkataritzari dagokienez, SALKIN elkarteak ere oso balorazio positiboa egin du. Nabarmendu dute lan handia egin dela 5 jaiegunetan, aspaldi lan egin ez zen bezala. Anekdota gisa, nabarmendu dute hainbat establezimenduk behin eta berriz agortu dituztela izakinak, egindako aurreikuspenak aise bete diren seinale. Hurrengo edizioetarako hobekuntza gisa, jaia udalerriko beste eremu batzuetara heda daitekeela nabarmendu dute elkarteko arduradunek, jai-egitaraua nagusiki herriko goialdean pilatu beharrean.

Gauetan eskaini den HIRIBUS zerbitzuarekin lotuta ere, oso balorazio positiboa egin da: 114 andoaindarrek zerbitzu berezia erabili dute. Aurten, gainera, berritasuna egon da: eskaripeko geldialdiak. Gautxoriko 1. linea, Olagain-Karrika-Sorabila, 45 erabiltzailek erabili dute (hilaren 23an, pertsona batek; 24an, 14 pertsonak; 25ean, 17 pertsonak; 26an, 3 pertsonak). Gautxoriko 2. linea, Extremadura, Kalonge eta Rikardo Arregi, 69 erabiltzailek erabili dute (hilaren 23an: 31 pertsona; hilaren 24an, 21 pertsona; 25ean, 16 pertsona).

Azkenik, Andoaingo Udalak eskerrak eman nahi dizkio udalerriko elkarte-sareari, erabakigarria izan baita kultura-, kirol- eta aisialdi-jardueren eskaintza zabala sustatzeko. Errekonozimendu berezia egin nahi zaie Jai Batzordeko kideei eta auzoetako jai batzordeei.