Andoaingo Udalak 10-17 urteko gazteentzat zuzendutako ipuin lehiaketak hogeitabost urte betetzen ditu, eta 127 lan ipini dira lehian.

Aiora Otamendi, Mikel Villar, Laiene Arteaga, Paula Martin, Izaro Placencia, Ariane Rodriguez, Miren Nieves eta Aitziber Zubeldia izan dira 2021 urteko sarituak 

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena betetzen da 2021ean, baina ez da aurten ospatzen den efemeride bakarra, 10-17 urteko gazteentzat zuzenduriko ipuin lehiaketak 25 urte betetzen baititu. Edizio berezi hau behar bezala ospatzeko, Bastero Kulturguneko auditorio nagusian elkartu dira tokiko idazte gazteenak.

Andoaingo Udalak antolaturiko ipuin sariketa urtez urte hazten joan da, herriko eta eskualdeko erreferente nagusi bilakatu arte. 1997 urteaz geroztik, etenik  gabe  burutu da. Lehen edizioetan Martin Ugalderen ohorezko presentziarekin gozatzeko aukera izaten zen, idazle gazteekin urtea joan eta urtea etorri solasean egiteko aukera izaten zuelarik. 2004tik aurrera, katea ez da eten, eta Ugalde familiako kideak lehiaketaren ohorezko gonbidatu izan dira, baita parte hartu duten lanen maila altuaren lekuko ere.

Basteroko ekitaldian parte hartu dute Ugalderen familiako Unai eta Ainara Ugaldek, Maider Lainez Andoaingo alkateak, Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, bai eta 1997ko ipuin lehiaketan partaide eta saritu izandako Joseba Ormazabalek (irabazle A kategorian, 12-13 urte) eta streaming bidez konektatu den Enara Otaegik ere (irabazle B kategorian, 14-15 urte).

Edizio berezi honetan guztira 127 lan aurkeztu dira. A kategorian (10-11 urte) 34 lan, B kategorian (12-13 urte) 36 lan, C kategorian (14-15 urte) 25 lan, eta D kategorian (16-17 urte) 32 lan. Maider Lainez alkateak “urte guzti hauetan lehiaketan izandako partaide kopuru handia” nabarmendu du, “belaunaldi ezberdinak batzen direlarik”. Txitxu Ruizek, epaimahaiaren buru gisa, poztasuna eta harrotasuna adierazi ditu “Andoainen idazle gazteen harrobi oparoa dugulako”. 

Aurtengoa edizio berezia izan da, izan ere, oraingo honetan, parte-hartzaileek, kategoria bakoitzean Martin Ugalderen testu baten ala aurretik lehiaketan irabazle aterako ipuin baten hasieratik abiatu behar izan dute euren kontaketa. Besteak beste, Euskal Idazleen Elkarteak ere sari bereziak banatu ditu. 

Hauek dira sarituak:

A Kategoria – 10 eta 11 urte

1. SARIA “Egiaren saria” Aiora Otamendi Baltasar
2. SARIA “Sorginaren urrea” Mikel Villar Amores
FINALISTA “Egiaren salbaketa” Ane Arostegui Aranburu
FINALISTA “Sorginaren urrea” Inge Barreros Talavera

B Kategoria: 12 eta 13 urte

1. SARIA “Besoaren truke” Laiene Arteaga Eizagirre
2. SARIA “Zentzurik gabe” Paula Martin Bravo
FINALISTA “Ospitaleko trajediak” Nahia Ipinza Vidal
FINALISTA “Ustekabeko bidaia” Maren Aranburu Ugalde

C Kategoria : 14 eta 15 urte

1. SARIA “Alleine” Izaro Placencia Telleria
2. SARIA “Herriko giro hori” Ariane Rodriguez Muñoz
FINALISTA “Txoriak bezala” Lier Sarasola Fernandez
FINALISTA “Ispiluko hiltzailea” Jone Telleria Albistur

D Kategoria : 16 eta 17 urte

1. SARIA “Herri baten sekretuak” Miren Nieves Gomez
2. SARIA “Ihesaren itzulera” Aitziber Zubeldia Olasagasti
FINALISTA “Zer?Orain nora amatxo?” Sara Villalba Izagirre
FINALISTA “Nire tokia aurkitu arte” Naia Galindo 
FINALISTA “Hormak oihuka” Aner Alkain Aguado