Martin Ugalde jaio zela 100 urte betetzen dira eta ekimen ezberdinak ipiniko dira martxan, haren izena daraman ipuin lehiaketak 25. edizioa beteko ditu.
Santa Zezilia zikloa, Sorotan Bele eta Andoaingo Bandaren emanaldi berezia, Marea taldeko Kutxi Romeroren kontzertua edo Chica Sobresalto abeslaria izango dira Basteroko taulan
Andoaingo Hezkuntza eta Kultura departamenduak prest du abendura bitarteko kultur egitaraua. Txitxu Ruiz zinegotziak agendaren inguruko xehetasunak eman ditu, Myriam Ulanga Udal Musika Eskolako zuzendariarekin eta Juan Mari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariarekin batera. Udazken honetan, musikak garrantzia berezia izango du, Santa Zezilia jardunaldiarekin, nahiz eta protagonista nagusia Martin Ugalde herriko seme kuttuna izango den, 100 urte beteko baitira aurki hura jaio zela (Andoain 1921 – Hondarribia 2004). Horrela, haren omenez hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dira. Egitarau berria arte eszenikoak, antzerkiak eta haurrentzako hainbat jarduerek osatuko dute.
Azaroaren 11n beteko da Martin Ugalde jaio zeneko mendeurrena eta haren ibilbideari omenaldia egiteko, erakusketa zabal batean jasoko da idazle, kazetari eta euskaltzale ezagunaren lana. Erakusketaren xedea andoaindar kazetari eta idazlearen bizitza eta lan oparoa ezagutzera ematea da. Horretarako, lau ataletan banatuta, bere ibilbidea eta bere obra ezagutuko dugu, ETBk utzitako irudien proiekzioa ikusgai egongo da, Ugaldek idatzitako hainbat liburu, eta beste hainbeste elementu erakutsiko dira ere. Azaroaren 5ean inauguratuko da erakusketa eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan ohiko ordutegian (astelehen-ostiral 18:30-20:00, larunbatetan 10:30-13:30 eta 18:00-20:30). Erakusketa hau aurrera eramateko Martin Ugalde Kultur Parkearen elkarlana ezinbestekoa izan da.
Era berean, herriko seme kuttun-arekin lotutako efemerideekin jarraituz, Martin Ugalde Ipuin Lehiaketak ere urteurren biribila beteko du aurten, XXV. Edizioarekin, hain zuzen. Andoaingo Udalak antolatutako ipuin sariketa 10-17 urteko gazteentzat bideratuta dago. 25 urte hauek behar bezala ospatzeko, sari banaketa ekitaldia idazlearen jaiotzaren egunean bertan egingo da, azaroaren 11n, 19:00etan Basteroko auditorioan.
Ugalderi eskainitako omenaldi ekitaldi sorta, azaroaren 17an proiektatuko den Jainkoak ez dit barkatzen filmak osatuko du. Ugalde berarekin egindako elkarrizketa bat abiapuntutzat duen dokumentala 19:00etan emango da Bastero eta emanaldia eta gero, Josu Martinez zuzendariarekin solasaldia batean parte hartzeko aukera izango dute ikusleek.
Musika
Musika alorrean udazkeneko egitarauak ohiko aniztasuna ekarriko du Andoaingo agertokira. Hala, urriaren 14an MAREA taldeko abeslari Kutxi Romerok saioa eskainiko du bakarlari gisa Basteron. Formatu akustikoan abestuko ditu bai bakarka zein haren betiko taldearekin ezagun egin dituen kantak, Juanito Lorente eta Pete gitarra-jotzaileak alboan dituela.
Rock-etik Pop-era, Abenduaren 17an Chica Sobresalto artistak proposamen erakargarria eskainiko du Andoainen. Maialen Gurbiondo musikari nafar gaztearen ezizena da Chica Sobresalto eta gogotsu hartuko du Basteroko agertokia haren lehen diskoa, Sinapsis, aurkezteko. Gurbiondo Operación Triunfo telebistako talent-show famatuan egin zen ezagun orain musika munduan lehen urratsak ematen ari da bere abesti propioekin.
Santa Zezilia zikloaren baitan 3 kontzertu antolatu dira. Horien guztien artean, Sorotan Bele gogoan emanaldia izango da musika-hitzordu azpimarragarrietako bat, 90. hamarkadako euskal folk-pop talderik ezagunenaren abestiak berreskuratuko dituen emanaldi berezi batekin. Hain justu, taldeko partaide izan ziren Gorka Sarriegi eta Urbil Artolarekin batera, Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak joko du. Azaroaren 20an izango da hori, Basteroko auditorioan.
Aldiz, azaroaren 21 igande eguerdian Concerto a tempo d’umore kontzertua egingo du Orthemis-Nova Orquestra Cambra Empordà orkestrak. 12 musikarik osatzen duten hari-orkestra kataluniar honek Vivaldi, Bach, Beethoven ala Straussen pieza ezagunak umore ukitu batekin joko ditu, adin guztietako ikusleei musika klasikoaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.
Andoaingo Udal Musika Eskolako abesbatzen emanaldia antolatu da Santa Zezilia egunean, azaroak 22an, emanaldi berezia izango da, musikarien eguna borobiltzeko. Eskolako abesbatza Txikia, abesbatza gaztea eta helduen abesbatzak programa anitza eskainiko dute Katrin Iturralderen zuzendaritzapean.
Arte eszenikoak
Dantza emankizunei dagokienez, Kresala dantza taldearen Amoria & Dolore ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute zaleek. Elkano nabigatzailearen bizitza, munduari bira eta Urrezko Aroko musika inspirazio-iturritzat hartuta, ikuskizun bitxi eta deigarria prestatu du euskal dantza taldeak. Amoria & Dolore urriaren 22an eskainiko da Basteroko Auditorioan.
Halaber, Euskaren Egunean, abenduak 3, MugMus Laborategia taldearen Garaiz 60 TM. lana ikusteko aukera egongo da. Bi dantzari, bi musikari eta idazle bat aurkituko ditugu agertokian, denboraren iragateari buruz gogoeta egiten.
Arte eszenikoekin amaitzeko, bi antzezlan dira aipagarriak. Batetik, Yllana taldearen Gag movie (urriak 8). Umorezko lan honek zinemaren historiako pasarte ezagunenetatik zeharreko ibilbidea proposatuko die ikusleei. Azaroaren 12an, ostera, Jose Antonio Agirre lehendakariak Europa okupatuan zehar egin zuen bidaia epikoa kontatzen duen De Gernika a New York pasando por Berlín antzezlana eskainiko da.
Haurrentzako proposamenak
Etxeko txikienek ere izango dute zer gozatua datozen hilabeteetan, egitarau berezi batekin. Esate baterako, urriaren 24an La Tal konpainiaren Italino Grand Hotel antzezlan bitxia, hotel batetako garbitokian kokatzen da arropa garbitzeko makinekin jolas dibertigarria proposatzeko.
Azaroaren 28an, aldiz, pertsonaia oso ezagun baten bisita izango dute txikienek: Perez sagutxoa. Glu Glu konpainia ezagunaren lan berri honek kondaira aski ezagun honen “benetako” istorioa ekarri nahi omen du taula gainera. Dantzaz, abestiz eta umorez jositako saioa izango da.
Bukatzeko, abenduaren 12an Teatro Paraíso taldeak Lehioak antzezlana ekarriko du Andoainera, sormen prozesua publiko familiarrak ezagutzeko gonbidapena da: leihotik ikusten diren irudiak jakin-minarekin bizitzera edo jakin-min hori asetzera bultzatzen gaituztelarik.
Erakusketa eskaintza anitza
Erakusketa gelak FORMAL FORMAL lana jasoko du, Harriak 2021 programaren baitan osatutako diziplinarteko proposamena, urriaren lehenetik 30era, ohiko ordutegian. Ane Azkona, Sandra Cuesta, Jone Laspiur eta Larraitz Torres artistek soinua eta arte plastikoak lotzeko erabiltzen dituzten lan-prozesuak azaltzea du helburu erakusketa honek, mostrako artelanak elkarren artean soinuaren bitartez lotu eta mugiaraziz. Testuak egiten Iñigo Gómez, Itziar Gutierrez eta Ane Lekuona aritu dira, eta bitartekaritza Maite Alonsok. Leizaran Institutoa, ESCIVI eta Punttuka Bertso eskolaren lankidetzarekin.
Abenduak 10etik aurrera Zaloa Ipiña artistaren GORRERI BISUALA lana izango da ikusgai. Euskara gaur egungo minorizazio egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoei buruzko irakurketa bisualak egiten ditu, eta bai hizkuntzak heriotzara eraman ditzaketen aspektu sozial eta soziolinguistikoei buruzkoak.
Sarrerak
Sarrerak Kutxabanken eta Basteroko leihatilan jarriko dira salgai irailaren 29tik aurrera. Aurrez aurreko erosketa 10:30etik 13:30era egin ahal izango da goizetan eta 16:30etik 19:30era arratsaldetan, ohi denez, Basteroko sarrera-harreran. Basteroko bazkideek irailaren 27an eta 28an erreserbatu ahal izango dituzte sarrerak. Txitxu Ruizek andoaindarrak gonbidatu ditu “udazkeneko programazioaz gozatzera, eskaintza erakargarria osatu baitugu, gero eta edukiera handiagoarekin, kultura berreskuratzearen eta normaltasunera itzultzearen motorra izan dadin nahi dugu”.