Maizorri Txalaparta Eskolaren 20. urteurrena ospatzeko erakusketa berezia ireki da da gaur Andoaingo Kulturgunean eta urriaren 14ra arte egongo da zabalik.

Halaber, udazkeneko kultur egitaraua prest du Kultur Sailak musika, antzerki eta datza hitzordu nabarmenekin. Sarrera salmenta irailak 30etik aurrera martxan.

 

Maizorri, Andoaingo Txalaparta Eskolak 20. urteurrena ospatuko du irailaren 30ean eta urriaren 1ean gauzatuko den egitarau zabal batekin. Hitzordu nagusi hori baino lehenago, ordea, Euskal Herriko musika-instrumentu tradizionalen erakusketa batekin berotuko du giroa herriko taldeak. Gaur, irailak 22 ireki dute erakusketa eta urriaren 14ra arte egongo da zabalik.

            Irekiera saioan Txitxu Ruiz, Kultura zinegotziak txalaparta eskolak bi hamarkada luze hauetan egin duen lana txalotu du eta Andoaingo herriaren izenean, taldeko kideei “egindako lan oparoa” eskertu die, “ez bakarrik txalapartako formazioa eskainiz, baita musika tresna eta euskal musika tradizionala ezagutarazteko eta kalera ateratzeko egindako ahalegin handiarengatik ere”. Hala, “etorkizunean ere lan bikain horrekin jarraitzeko” gonbidapena egin die Kultura zinegotziak.

Bastero Kulturgunean gaurtik urriaren 14ra arte ikusgai dagoen erakusketari dagokionez, azken garaietan euskal musikan erabili, ezagutu eta agertu izan diren soinu-tresnen bilduma bat da. Guztira 200 tresnaz eta hots-jostailuz osatzen da mostra eta haien erabilera eta historia jasotzen duten testu eta argazkiek lagunduta aurkezten dira.

Txalaparta ardatz 

Erakusketarekin batera, datorren ostiral eta larunbatean egingo diren ekitaldiek osatuko dute ospakizun-egitarau berezi hau. Irailaren 30ean, 20:30ean Plaza Morean, Bihotx eta Txek taldeek joko dute. Bihotx taldea Hernaniko hiru neska txalaparta-jotzailek osatzen dute eta 2016 urtetik ari dira elkarrekin jotzen. Aldiz, Txek taldeak Tarragonan (Katalunia) du jatorria eta egurrez, beiraz ala harriz egindako txalapartak jotzen dituzte zaleen eta kuriosoenen gozamenerako. Doakoa izango da kontzertua eta eguraldi txarra izanez gero, Basteroko ekitaldi aretoan egingo da emanaldia.

Larunbatean, urriak 1, egun osoko ospakizuna egingo dute eskolako kideek eta lagunek, goizean goizetik hasita. 10:00etan Txalakanpai-ekin ekingo diote egunari eta 11:30ean Kirikoeta emanaldia egingo da. 14:30ean babarrun-jate herrikoia egingo dute eta arratsaldean, 18:30etik aurrera, Txala Bertso Potea, 20:30ean Txalaparta Party Aparta jaialdiarekin jarraitzeko.

Udazkeneko kultura egitaraua 

Datozen hilabeteetako hitzorduei dagokienez, egitarau mardula prestatu du Kultura Sailak ikasturteari ekiteko eta ez da musika, antzerkia ala dantza faltako. Txitxu Ruizen ustetan “kultur jardueraz betetako udazkena dugu aurretik, gustu eta mota guztietako ekimenak jaso direlarik” eta dei egin die andoaindarrei “modu aktiboan kulturaz gozatzen jarrai dezaten”.

Antzerkiari dagokionez, besteak beste, Altsasu eta Golfa antzezlanak ikusteko aukera egongo da. Musikan, besteak beste, Anari eta Gari musikarien edota Tremenda Jauria taldearen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute zaleek. Gazteagoentzat, Gipuzkoa Gazte Tour bueltan izango da eta oholtzara igoko ditu Gazir, Mnak ezagunak, DJ Verse, Laina eta Edu & Crutzero andoaindarrak.

Andoaingo pantailara iritsiko da Bi Anai filmaren proiekzioa eta lan honi buruzko solasaldi berezian hartuko dute parte Bernardo Atxagak eta Imanol Rayok, jatorrizko eleberriaren idazlea eta obra zinemara egokitu duen zuzendaria, hurrenez hurren.

Halaber, kontuan hartzekoak izango dira Udane Juaristi eta iF Matxikote artista gazte eta ospetsuek Basteroko erakustokian aurkeztuko dituzten obren erakusketak.

Haurrentzako prestaturiko eskaintza ere egongo da Erreka mari txotxongiloekin edota Munduari itzulia 80 egunetan antzerkiarekin. Dantzari dagokionez El Lago balleta eta Dantzaz konpainiaren BAT ikuskizuna taularatuko dira.

Azkenik, Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak 25 urte eta Abesbatzak 10 urte betetzen dituztenez, ospakizun kontzertu berezia eskainiko dute. Programazioan zehar elkarlan bereziak sustatu dira Berdintasun, Gazteria edota Euskara sailarekin, azken honek ere Euskaraldiari ekarpena egin nahi izan baitio.

Ruiz zinegotziak aditzera eman duenez sarreren salmenta publiko orokorrarentzako irailak 30ean ipiniko da martxan, bai Kutxabank bidez, bai eta Bastero Kulturguneko leihatilan. Aurrez, bazkideek aukera izango dute irailak 27tik aurrera sarrera erreserbatzeko.