Bueltan dator Andoaingo rock jaialdi mitikoa eta Ikuszirkus zirku jardunaldia berritu egingo da.
-
Nabarmenen artean, Kalakan eta Skakeitan taldeen kontzertuak daude; Egunkaria kasuan oinarritutako Sisiforen paperak antzezlana edo, haurrentzako, Ene Kantak taldearen ikuskizuna.
-
Dantzari eskainitako programazio berezia Koldobika Jauregiren dantza erakusketak eta Kukai, Codice eta Play konpainien emankizunek osatuko dute.
Andoaingo Udaleko Kultura Sailak apirila eta ekaina bitarteko kultur programazioa aurkeztu du gaur, dantza ziklo berezi bat, rock jaialdi ezagunaren itzulera eta Ikuszirkus-en saio berriak ekarriko dituena. Hala, Txitxu Ruiz kultura zinegotziak udaberriko agendaren xehetasunak partekatu ditu Iyuya Urrutia Udaleko teknikariarekin, Koldobika Jauregi artistarekin eta Juxe argazkilariarekin batera.
Ruizek azaldu duenez, “Koronabirusaren ondorioz bizi dugun ezohiko egoerak berretsi besterik ez du egin kultura, garapen indibidual eta kolektiborako ezinbesteko elementua dela, balioak partekatuz eta pertsona hobeak bihurtuz gozarazten digulako”.
Horrenbestez, Andoaingo Udalak “kultur ekitaldi seguru gehiago programatzen jarraitzeko konpromisoa” berretsi du, “une zailak bizi dituen sektore bati ere laguntzeko”. Zinegotziak azaldu duenez, ikusleak “oso modu proaktiboan ari dira erantzuten, zenbait ekitalditako sarrerak agortu eta guzti egin direlarik”. “Harrera bikain” honen lehen balantze azkarra eginez, Txitxu Ruizek pozik hartu du “pandemiaren hasieratik hartutako estrategiak jaso duen babesa, berme eta segurtasun neurri guztiak dituen zuzeneko kulturaren aldeko apustu horri balioa eman diona”.
Dantzak leku aipagarria izango du udaberri honetan. Koldobika Jauregiren erakusketa batek Telmo Esnal zuzendariaren Dantza film ezagunaren unibertso artistikoaren ikerketa eta garapen estetikoa erakutsiko du (martxoaren 31tik apirilaren 30era, Basteroko erakusketa aretoan). Andoaingo Axeri dantza tradizionalaren eta Santa Kruz egunean dantzatzen den Ezpata Dantza-ren jantzien erakusketarekin osatuko da mostra. Aste Santuko egunetarako ordutegi berezia ezarri da: apirilaren 1etik 5era, goizez 10: 30-13: 30 eta arratsaldez 18: 30-20: 00. Apirilaren 10etik aurrera ohiko ordutegia berreskuratuko da.
Agertu bezala, dantza-ziklo berezi bat izango da egitarauaren ardatza. Honen barruan, Kukai konpainiak Hnuy illa lana berreskuratu eta eguneratzen duen proposamena taularatuko du. Ikuskizun horren jatorrizko eszenaratzeak Errebelazio Ikuskizunaren Max Saria jaso zuen, eta, gainera aurten, lana oinarritzen den Joseba Sarrionandiaren poesia-liburuaren 25. urteurrena betetzen da (apirilaren 23a). Halaber, Codice konpainiak Circle of trust & logela multimedia eskainiko du: break dance, bboying eta bideoproiekzioak uztartzen dituen diziplina anitzeko ikuskizuna (maiatzak 7). Play konpainia madrildarraren Aracaladanza ikuskizuna ere ikusteko aukera egingo da, hauxe ere saritua 2020ko Max sarietan, jantzien eta argiztapenaren diseinuagatik (maiatzak 23).
Maiatzean zehar, Basteroko erakusketa aretoak Espazio kuttunak proiektuan indarrak batu dituzten 4 artista plastikoren lana hartuko du. Iker Valle, Oaia Peruarena, Patxi Laskarai eta Gonzalo Etxeberria gazteek arteari eta sorkuntza artistikoari dioten maitasunak elkartuta eratu dute ikusgai egongo den proposamen hau (maiatzaren 7tik ekainaren 5era).
Egitarauan, maiatzaren 26tik 29ra, zirkoari eskainitako Ikuszirkus jardunaldien saio berrituak ere egongo dira, Gabonetako ohiko hitzordu hori maiatzera aldatu eta gero. Express (Madril), Koselig (Zaragoza), Akelarre (Euskal Herria) eta Carilló (Katalunia) izeneko ikuskizunak izango ditugu. Ekitaldiei buruzko informazio zehatzagoa aurrerago emango da.
Rock jaialdia bueltan da
Azkenik, ekainean itzuliko da Andoaingo Rock Jaialdi mitikoa, 13. edizioarekin. Kasu honetan, Covid-19ak ezarritako osasun eta edukiera murrizketetara egokitutako bertsioa izango da, baina, zalantzarik gabe, energia berrituekin egindako itzulera izango da. Hitzordua ekainaren 19an, larunbata, izango da.
Testuinguru horretan, erakusketa aretoak Andoaingo Rock Jaialdia iruditan erakusketa hartuko du, Juxe artistak (ekainaren 11tik uztailaren 3ra) edizio ezberdinetan bildutako argazki materialarekin.
Musika eskaintza
Musika eskaintzari dagokionez, Kalakan, Ipar Euskal Herriko perkusio taldeak, Artizarra disko berria aurkeztuko du, betiko Kalakan jantzi eta doinu elektroniko berri batekin (apirilak 16).
Itsaso Sainz de la Maza piano-jotzaileak musika klasikoa eta Javier Gonzalez Sarmiento egilearen jazza uztartuko dituen kontzertua eskainiko du. Andoaingo piano jaialdian berriki omendutako musikaria da Gonzalez Sarmiento, hain zuzen (maiatzak 15).
Gazteenek Skakeitan talde donostiarrarekin gozatu ahal izango dute. Nola galdu denbora izeneko laugarren lana aurkeztuko dute, Gazteak 2020an urteko diskorik onena bezala saritua. Indartsu eta sasoian etorriko da talde gaztea, Ezpainetan odola bezalako abesti ezagunak jotzeko prest (maiatzak 21).
Antzerkia, haurrentzako eskaintza eta dokumentalak
Txikienen artean oso ezagunak diren Ene Kantak taldeko kideek emanaldi bikoitza eskainiko dute Basteron. YouTuben eta multimedia-plataformetan milioika bisitarekin biralak egin ondoren, gaur egun ETB3n lekua egitea eta Euskadi osoko neska-mutilen etxeetara iristea lortu dute. Talde nafarra duela gutxi izendatu dute 2020ko Rikardo Arregi sarietarako,proiektu komunikatiboagatik. Liluragarria lana zuzenean aurkezteko saio bikoitza eskainiko dute, 12: 00etan eta 16: 00etan (apirilak 24).
Halaber, Basterok Sisiforen paperak antzezlana eskainiko du, Egunkaria auzia-n inspiratutako lana, non eta Andoainen, 2003ko otsailaren 20an Martin Ugalde Parkean izandako gertaeren lekuko zuzena izan zen herrian. Arriaga edo Victoria Eugenia bezalako plaza garrantzitsuetatik igaro ondoren, azken aldian Euskadin egindako ekoizpen handienetako bat helduko da Andoainera, Harkaitz Cano egilearen eskutik eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, aktore talde oso zabal eta ezagun batekin batera (maiatzaren 14a).
Antzerki-egitaraua itxiko du Txalo Produkzioen Konpromisoa lanak, Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik (ekainak 4).
Azkenik, Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinemagileen Caminho longe izeneko dokumentala proiektatuko da, Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioan eskaini zena, Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren hamarkadetako erbeste osteko etxeratzeari buruzkoa.
Sarrerak
Sarrerak martxoaren 26tik aurrera jarriko dituzte salgai Kutxabanken. Sarrerak elektronikoki erostea gomendatzen da, inprimatu beharrik ez izateko. Hala ere, erosketa presentziala goizez 10:30etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:30etik 19:30era egin ahal izango da, ohi bezala, Basterora sartzeko harreran. Jendeak, oro har, pertsonako 5 sarrera eskuratu ahal izango ditu gehienez. Nabarmendu behar da datafonoarekin txartel bidezko ordainketa-sistema erabilgarri egongo dela.
Bazkideei gogorarazten zaie Udaleko Kultura Sailak antolatzen dituen ikuskizun guztietan % 25eko deskontua eta abantaila gehiago aplikatzen zaizkiela, hala nola, dantza zikloko emanaldietarako sarrera desberdinen zozketa edo martxoaren 24 eta 25ean sarrerak aldez aurretik erreserbatzeko aukera.
Pilaketak saihesteko asmoz, martxoaren 24an eta 25ean (goiz eta arratsaldez) sarrera fisikoak banatuko dira Basteroko goiko leihatilan (zinemako leihatilan). Beheko harrera- gunean, telefono bidezko arreta eskainiko zaie bazkideei (943 303540). Bazkideek 2 sarrera erosi ahal izango dituzte pertsonako.