Atariko gisa, ekainaren 11 eta 13an Udal Musika Eskolako Banda eta Abesbatzak kontzertu bana eskainiko dute Bastero Kulturgunean

Leitzarango Otieta parkeko natur ingurunera iritsiko da URMUGA jaialdia, eta bertan Et Incarnatus orkestrak xarmaz beteriko emanaldia eskainiko du

Gatibu, Urdangarin, Chill Mafia, Dupla, Maren, Verde Prato, AMAK, Grises edo Bulego taldeek musika eskaintza zabala ekarriko dute Ondarretako eta Goikoplazako eszenatokietara.

Doakoa izango da emanaldi guztietarako sarrera eta gonbidapenak ekainaren 14tik aurrera eskuratuko ahalko dira. Leitzarango emanaldietako sarrerak soilik Basteroko leihatilan eskuratu daitezke.

Kale giroan udako kultur-programazioak “momentuko euskal musikaren, antzerkiaren eta ikuskizunen onena” ekarri nahi du Andoaingo txoko ezberdinetera, “aurten ekitaldi oso bereziekin”. Egitarauaren aurkezpenean, Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak erabilitako hitzak dira, azpimarratuz “aurtengo uda sasoian Andoainen adin, gustu eta zaletasun guztien neurrira egindako programazioa” egongo dela, “talentu gazte eta apurtzaileenenatik hasi eta urteetan agertokietan zaildutako beteranotaraino, denetik izango dugu”. Hala, ekainaren 23an hasiko da Kale giroan-en egitaraua eta iraila bitartean luzatuko da. Doakoak izango dira ekitaldi guztiak, ekainaren 14tik aurrera eskuratu ahalko diren gonbidapenekin.

Leitzaran parkean egin da kultur agendaren aurkezpena, Txitxu Ruiz Kultura zinegotziaz gain, bertan parte hartu dute Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotziak; Mikel Emezabal eta Katrin Iturralde Udal Musika Eskolako banda eta abesbatzako zuendariek, Migel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariak, eta Axeri Dantza zein URKI dantza taldeko ordezkariek.

Ikasturte bukaera eta uda kultur ekitaldiz beteta dator. Honen aurrekari gisa Andoaingo Udal Musika Eskolako abesbatzak eta bandak Bastero kulturgunean eskainiko dituzten 2 emanaldiak, ekainak 11 eta 13an han zuzen ere. Sarrerak ekainak 7tik aurrera eskuragarri egongo dira Kutxabank- en eta leihatilan. Emezabal eta Iturraldek azpimarratu dutenez “musikariak eta abeslariak gogo biziz daude, publikoaren aurrean berriro ekiteko, luze joan baitira azken hilabeteak”.

Emezabalek aurreratu du “Bandak hilabete hauetan zehar landu duen errepertorioa aurkeztuko du Basteroko Auditorioan. Aukera paregabea izango da, gainera, Bakartxo Arabaolaza eta Joseba Pagola bikotearen Tango ikuskizuna gozatzeko, aldi honetan hain etxekoak diren musikari- artisten laguntzaz: Myriam Ulanga, Imanol Iribarren pianojoleak, Ane Urbizu eskusoinua eta neu klarinetea, denak ere, udal musika eskolako irakasleak”. Iturralderen nabarmendu du “hau bueltako kontzertua dugula, itxaropenarena, argiarena… Modu ezberdinetan, momentu ezberdinetan landu dugun egitarau ezberdina publikoari eskaintzeko garaia eta denek disfrutatzeko momentua”

“Sanjuan jaiak bertan behera geratu ondoren, udako kultur programazioarekin zerbait berezia egiteko ahalegina egin dugu aurten, hilabete zailak igaro baititugu andoaindarrok”, azaldu du Ruizek aurkezpenean. Ondorioz, “inoiz baino eskaintza zabal eta askotarikoa prestatu eta ekitaldi bereziak antolatu ditu Udalak”. Bereziak, Kale giroan-en aurten protagonismo berezia izango baitu Leitzaran bailarak, eta zinegotziak berak aurreratu bezala, ekitaldi “berezienak bertan egingo baitira, natura eta kultura uztartuz”.

Horretarako ezinbestekoa izan da Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria lansailarekin elkarlana, eta Izagirre zinegotziak azaldu duenez “aukera aproposa iruditu zaigu andoaindarrei herriko ondare natural kuttunenetariko batean kultur aukera erakargarriak eskaintzea”. Deskribatu duenez “logistika aldetik erronka bat izango da, herritarrak bertaraino oinez, bizikletan edo horretarako antolatuko diren hiribus zerbitzuan iritsiko baitira”. Azpimarratu du ahalegin berezia egingo dela ingurunea txukun mantentzeko eta aurreratu du “ekitaldietan parte hartu nahi duen publikoak, bereganatuta izan beharko du Otita parkea ez dela herriko beste edozein plaza”, gomendatu du “jendea belarretan esertzeko prest eta kulturaz gozatzeko prest etor dadila”.

Uztailaren 23ko arratsaldeak hartuko du udako emanaldi bereziena, URMUGA jaialdiaren barruan, Et Incarnatus orkestrak gurean kontzertu errepikaezina eskainiko baitu. Urmuga pandemia garaian Euskal Herrian sortutako jaialdi ibiltaria da eta gure herrialdeko naturagune eta mendiak agertoki bilakatu ditu azken hilabeteotan. Emanaldi singular eta bereziek osatzen dute jaialdia eta Et Incarnatus orkestrarekin batera euskal kantari ezagunak elkartzen ditu. Leitzarango saiora Aitor Mendiluze bertsolaria, Juantxo Arakama (Glaukoma), Xendarineko Ahizpak, Mikel Moreno (Kauta), Idoia Azurmendi eta Niko Etxart batuko dira. Zeberioren hitzetan “aukera paregabea izango da, aurrekaririk gabeko ikuskizunaz, natur testuinguru ikusgarrian gozatzeko”.

Kokapen berean Kimua dantza taldearen Generoa emankizuna egongo da uztailaren 17an eta Numenak izeneko haurrentzako antzezlana, irailaren 4an.

 

Eskarmentu handiko izenak

Ekitaldi berezi hauez gain, musika izango da Kale giroan-en protagonista handia, denetarako estilo eta adin guztiengan pentsatutako programazio anitzarekin. Euskal musikako izen ezagunak etorriko dira Andoainera. Hala, Gatibuk, ekainaren 23an Ondarretako patioan, emango dio hasiera egitarauari. Alex Sardui eta taldekideak oraingo honetan formatu akustiko batekin igoko dira oholtzara, pandemiak hala behartuta. Abestien moldaketa lasaiagoekin baina ohiko grina eta gogoa galtzeke, bizkaitarrek pop-rock abesti mugituekin txiki, gazte zein helduak erakarriko dituzte zalantzarik gabe.

Euskal kantagintzaren izen ezagunekin jarraituz, biharamunean Mikel Urdangarinen txanda etorriko da, leku berean. Zornotzarrak Izurdeen lekua izeneko lana plazaratu zuen iaz eta ikuskizun berrian material berria aurkeztuko du, noski, hogei urte baino gehiagoko ibilbide luzeko kantu ezagunekin ere zaleak gozarazteaz gain.

Beteranoen taldea AMAK proiektuak biribilduko du (uztailak 16). Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solanok osatzen dute taldea. Izenez aski ezagunak, duela pare bat hamarkada triki-poparen oldarraldiaren ahotsik ezagunenetakoak izan baitziren. Abesti propioekin batera, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar eta M-n Ezten taldeen garaiko klasikoak ere berreskuratuko dituzte.

 

Proposamen berritzaileak

“Programazioan oraingo udan arreta berezia eman nahi izan zaio euskal musika eszena gazteari eta inguruan ditugun proposamen berritzaileenei”, Txitxu Ruizek erantsi du. “Andoaingo agertokiak talentu gazteei irekiz, musikak dakarren berrienari lekua” egin nahi izan zaio zinegotziaren esanetan. Adibidez, zeresana piztu duen Chill Mafia kolektiboaren kasua da. Nafarrek ekainaren 25ean joko dute Ondarretako patioan euskal kantagintza tradizionala hip-hop, trap ala urban erritmoen galbahetik pasatzen duen proposamen berezia aurkezteko. Dupla bikotearekin partekatuko dute eszenarioa. Aguraingo pop talde honek ere gero eta harrera handiagoa du gazteen artean, eta aukera bikaina izango da bertatik bertara ikusteko euskal musikari gazteen artean bogan dauden erritmo eta estiloak.

Proposamen intimoago eta xarmagarriagoekin datoz hurrengo bi sortzaile gazteak. Verde Prato tolosarra, batetik. Ana Ursuaga artista multidiziplinarraren alter ego musikala da Verde Prato eta azken boladan agertutako euskal bakarlari interesgarri eta berezienen artean koka dezakegu. Maren abeslaria bestetik, proposamen tradizionalago batekin, folk eta popetik edanez eta gitarra akustikoaren eta ahots zirraragarri baten biluztasunak lagunduta etorriko dena. Uztailaren 2an izango da bi bakarlari hauen emanaldia.

Aurrerago, bi banda gipuzkoarrek hartuko dute Goikoplazako oholtza irailean: Grises-ek eta Bulego-k, hain justu. Grises boskote zestoarrak agertoki-animaliak direla erakutsiko du, 80ko hamarkadatik gaurdainoko rockaren eta poparen onenetik edandako proposamen bizi eta koloretsu propioa eginez. Haiekin batera Bulego Azkoitiko taldeak joko du. Hasiberriak izan arren, nerabeen artean jarraitzaile ugari lortu dituzte pop abesti bizi eta zuzenekin. Irailaren 10ean izango da bi banda hauen txanda.

 

Andoaindarrak protagonista

Azkenik, bestelako proposamen eszenikoek ere dagokien lekua izango dute Kale giroan-en. Dantzari dagokionez, jada aipatutako Generoa ikuskizunaz gain, URKI dantza taldeak emanaldia egingo du Ondarretako patioan ekainaren 27an. Denbora askotan publikoaren aurrean saiorik egin gabe egon ondoren, estreinakoz berriro ere taula gainean izango dira herriko dantzariak.

Ekaineko data esanguratsu hauetan, ezin ahaztu tradizioa, eta Axeri Dantzak ere tokia izango dugu kultur agendan. Dantza-jolas ezberdinak eskainiko dizkigute ekainaren 24ko eguerdian egingo dute, Sanjuan egunean.

Egun berean, zerbait beranduago Bertsolari Jaialdia ospatuko da Bastero Kulturgunean. Bertan parte hartuko dute: Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Agin Laburu, Ane Labaka, Miren Artetxe eta Ane Peritz pertsolariek, Unai Ormaetxea gaijartzaile lanetan ariko delarik.

Ekainak 27an, emanaldi bikoitza izango da Basteron, Soinuak Musika Eskola-ko musikariek emango duten kontzertua eta ondoren, Joseba eta Bakartxo-ren dantza akademiaren emanaldia.

 

Antzerkiak bere lekua izango du

Azkenik, antzerki eskaintzari erreparatuta, lau izango dira hitzorduak: Piraten istorio bat txikienetzako zuzendutako itsas istorioa (ekainak 25), Aquí va a pasar algo ikuskizun komiko- poetikoa (uztailak 11), Trapu Zaharra konpainiaren Mesede bat egitearren umorezkoa (irailak 12) eta Gazte kale-antzerkia, Hika teatro eta Oinkari dantza taldearen elkarlanaren fruitua (irailak 25).

 

Kultura seguruaz gozatzeko, aforo mugatuak eta sarrerak

Kultura seguruaren aldeko apustua berresten da, horretarako aforo mugatuak ezarri dira, eremu mugatuetan sarrera kontrolatuz. Ondarretako patioan, Goikoplazako frontoian edo Leitzarango Otieta parkean gune kontrolatuak bilakatuko dira, publikoak sarrera eduki beharko du bertan sartzeko, ekitaldiak irauten duen denbora guztian zehar eserita egon beharko da, musukoa jarrita. Eremu barruan ezingo da ez jan ez eta edan.

Sarrera guztiak gonbidapen gisa eskuratu ahalko dira, dohainik, ekainaren 14tik aurrera, internetez edo Kutxabanken kutxazain egokituetan, ala Bastero Kulturguneko leihatilan, ohi bezala. Pertsonako 5 gonbidapen eskuratu ahal izango dira. Aldiz, Leitzarango ikuskizunetarako gonbidapenak soilik Bastero Kulturgunean jaso beharko dira, modu presentzialean, ohiko ordutegian. Banatu ez diren gonbidapenak, ikuskizuna baino 2 ordu lehenago banatuko dira leihatilan (Bastero eta Ondarretaren kasuan) edota eremuan bertan (Goikoplaza eta Leitzaranen).