Uztailaren 9an hasita eta hilabete guztian zehar, mota askotariko emanaldiak ekarriko ditu ‘Kale giroan’-en edizio berriak, guztiak doan.

Izaro abeslariak hilaren 14an joko du Leitzaranen. Saio honetarako gonbidapenak uztailaren 1etik aurrera eskura daitezke.

Uztail osoan zehar eskainiko diren doako emanaldiek osatuko dute aurten ere Kale giroan kultur ekimenaren egitaraua. Musika eta kale-antzerkia izango dira protagonista, denetariko proposamenekin. Uztailaren 9an, larunbata (20:00), Hortzmuga taldearen Bidearen amaiera kale-antzerkiarekin ekingo zaio egitarauari. Goikoplazan izango da emanaldia eta “kaleko komedia emozional” gisa aurkezten dute egileek eurek. Etxetik ihes egindako seme drag queen-aren eta haren aita egoskorraren istorioa dakar lan honek. Patuaren indarrez, urteak banatuta egin eta gero, berriz elkarrekin topo egin eta gertaera horrek eragiten dituen egoeren inguruan oinarritzen da Bidearen amaiera-ren kontakizuna.

Uztailaren 14an, osteguna, Izaro abeslari ezagunak hartuko du lekukoa. Mallabitarrak emanaldi akustikoa egingo du Otietan (Leitzaran), Limones de oro diskoa aurkezteko. Lan horretakoekin batera, bere ibilbideko kantarik ezagunenak ere joko ditu, ziurrenik udako kontzertu berezienetako bat izango den honetan. Kasu honetan, sarrera doakoa bada ere, gonbidapena eskuratu beharko da, on-line (Kutxabank) ala Bastero Kulturguneko leihatilan, uztailaren 1etik aurrera. Iaz egin bezala, hiribus zerbitzuaren “lanzadera” berezia eskainiko da, bailarara sarbidea errazteko.

Egitarauarekin jarraituz, kale-antzerkiarekin bigarren zita uztailaren 16an izango da, Goikoplazan 20:00etan. Cía Barsanti & Mamacrea taldeak Akabo lana aurkeztuko du, proposamen ikusgarri bat duena, gainera. Altuera batera igo eta bere buruaz beste egitera doala dioen pertsonaia batekin hasten da saioa. Probokazio honekin, suizidioaren gaiaren inguruan dauden hamaika tabu hartu nahi dira hizpide.

Musikarekin jarraituz, bi izen beterano eta proposamen gazte eta berritzaile batek osatuko dute Kale giroan-en egitaraua. Urtztaldea da beterano horietako bat eta uztailaren 23an egingo du kontzertua Goiburuko plazan (22:00). 90. hamarkadako euskal rockaren talde ezagunenetako dugu laukote pasaitar hau, Xabier Camarero abeslariaren ahots berezia ezaugarri duena. Jada klasiko diren abesti ugari izanda ere, Zabaldu ateak lan berria aurkeztuko dute eta errepaso egingo diote hiru hamarkada baino gehiago dituen ibilbidearen errepertorio oparoari. Uztailaren 25an beste musikari aski ezagun bat igoko da Goikoplazako oholtzara. Joseba Tapiatrikitilariaren txanda izango da, bere bederatzigarren lana, Egon edo ez egon izenekoa, aurkezteko. Donostiako Udalak musikari nabarmenei ematen die Adarra saria jaso berritan, forma ezin hobean itzuliko da euskal musika modernoaren izen handietako bat Andoainera.

Azkenik, aniztasunez jositako egitaraua borobiltzeko, musika elektronikoa ardatz duen proposamen hirukoitza izango dugu Kale giroan-en. Uztailaren 29an Merina Gris, J Martina eta Zigor DZ-k jardungo dute Etxeberrieta plazan. Merina Gris pop elektronikoa egiten duen hirukotea da, Zerua orain lana argitaratu berri duena. Gaur egungo pop elektronikoarekin guztiz lerratutako proposamen musikala da hirukote honena. Ildo elektroniko bertsutik baina trap doinuetarago jota, J Martina taldeak ere joko du uztailaren 29ko hitzorduan. Gaua ixteko Zigor DZ, Esnebeltzaren dj ezagunak, dantzaraziko ditu ikusleak.