Akrobaziak, sokak, mazak… mota askotako zirku ikuskizun proposamenak ikusteko aukera egongo da Andoainen irailaren 10eko eta 11ko asteburuan, eta irailaren 17 eta 18koan. Doako lau kale-ikuskizun izango dira, familia osoari zuzendutakoak. [‘e.go], Mikra, Urbasa eta Do Not Disturb izeneko ikuskizunak izango dira, hurrenez hurren, aurtengo Ikuszirkus zirko jaialdiren egitaraua osatuko duten proposamen artistiko orijinalak.
Larunbatean, irailak 10, NDK euskal konpainiaren maza malabare ikuskizunarekin hasiko da Ikuszirkus(Zumean plazan, 19:00etan). Pertsona baten baitan bizi izan daitezkeen pertsonaia ezberdinen arteko jolasa planteatzen du. [‘e.go] ikuskizunak, konpainiaren esanetan, “bidaia emozional eta zirraragarria” proposatzen du.
Igandean, hilak 11, Mikra izeneko saioaren txanda izango da, soka akrobaziak ekarriko dituena (Goikoplaza, 19:00). Berdinki Zirkua konpainiaren lan honek, euskaldunak hauek ere, zenbait galdera egingo dizkio ikusleari: nola identifika dezakegu garena eta nola erakusten duguna?, askatasunez bizi al dugu gure nortasuna?… Gisa honetako galderen ostean dauden botere harremana azaleratzeko erabiltzeko ditu Mikra ikuskizunak zirkuaren disziplina ezberdinak.
Bigarren asteburuan Urbasa eta Do Not Disturb ikuskizunen txanda izango da. Nafarroatik larunbatean, irailaren 17an, Hutsun+Ortzi taldeak Urbasa izeneko proposamenarekin, akrobaziak eta txalaparta uztartuko ditu. Hauxe da ikuskizunaren abiapuntua: Txalaparta doinuak girotutako paisaia natural lasaiaren erdira, indarraren bidez bakea haustera etorriko den bisitari bat etorriko da. Otietan (Leitzaran) izango da emankizuna, 18:00etan. Lekuaren berezitasunarengatik eta halako hitzorduetan orain arte egin den bezala, parkera oinez ala bizikletaz iristeko gonbidapena luzatzen zaie andoaindarrei, udako jaiegun eta asteburuetan itxita aurkitzen baita GI-3091 errepidea. Halaber, doako autobus-zerbitzua ere egongo da Andoaindik, bai bertara iristeko 17:00etatik 18:00etara (geralekuak: Zumea plaza eta Kaleberria), zein ekitaldia amaituta itzultzeko ere 19:00tatik aurrera, geraleku berekin.
Bukatzeko, igandean, Andaluziatik Vaiven Circo konpainiak Do Not Disturb ikuskizunaren amaituko da zirku jaialdia. Akrobazia saio bat izango da, neurri handiko pieza batekin egingo dena eta XX. mende hasierako fabrika batetako lanegun bat irudikatuko da. Lau pertsonaiak forma, akrobazia eta koreografia lanak egingo dituzte (irailak 18, 19:00etan Goikoplazan).
Txitxu Ruiz zinegotziak nabarmendu duenez, iaz izandako harrera onaren ondoren, Kultura Sailak eta Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailak “elkarlanean jardun dugu kultura eta zirkua Leitzaran bezalako ingurune natural berezi batera eramateko”. Gainera, Hiribus zerbitzu bereziarekin “andoaindar guztiei erraztasunak eman nahi dizkiegu, bertara hurbildu eta programazioaz gozatu ahal izan dezaten”.