Apiriletik ekainera bitartean, zazpi dantza ikuskizun ikusteko aukera izango da Andoainen. Besteak beste, Bamboo Dance taldearen Idiotak lanaren estreinaldia, Osa+Mujika sortzaile bikotearen Kenophobia ikuskizuna eta Jon Maiaren (Kukai) Gauekoak ikusteko azken aukera.

Basteroko oholtzatik pasako dira Arte Eszenikoen Max saria jaso duen “Kutxidazu bidea Ixabel” musikala, Hika Teatroaren “Tarara”; edota Marc Ribot, Neomak eta Liher taldeen musika emanaldiak

Dantza ziklo berezi batek osatuko du aurtengo udaberriko kultur programazioaren muina Andoainen, estreinaldiak ekarriko dituena eta han eta hemen zeresana piztu duten proposamenekin. Hala, apirilaren 8an Bamboo dance taldearen Idiotak obraren estreinaldiarekin ekingo zaio programazio berezi horri. Eduardo Galeano idazle uruguaitarraren lanean oinarrituko obra dakar Donostiako dantza konpainia honek, testuak koreografiatu dituztelarik, gizarteari eta egungo bizimoduari buruzko hausnarketa bat proposatzeko. Estreinaldiaren ostean, solasaldia egingo da sortzaileekin eta dantzariekin. Osa+Mujika bikotearen Kenophobia ikuskizunak hartuko du lekukoa, jarraian, apirilaren 28an. Espazio hutsek eragiten duten fobia da kenofobia eta kontzeptu honekin lotutako izu, haserre ala erru sentimenduak taularatuko dituzte dantzariek.

Jon Mayaren Kukai dantza talde ezagunaren Gauekoak ikuskizunaren txanda maiatzaren 13an etorriko da eta, gainera, muntaia hau ikusteko azken aukera izango dute zaleek. Gauaren iluntasun eta isiltasunean, hiru dantzarik elkarren arteko “isil-hizketa” intimoari nola heltzen dioten ikusi ahal izango dute ikusleek.  Roberto G. Alonsoren konpainiak maiatzaren 15ean, aldiz, 27ko Belaunaldiko margolari Maruja Mallaren munduan murgiltzeko gonbidapena egingo die andoaindarrei Marunica lanarekin. Malla margolariaren sinbolismoz jositako obra surrealista liluragarriari gorazarre eginez, haurren zein nagusien irudimena esnatzeko nahia du lan honek, ikuskizun harrigarri eta oso bisual baten bitartez.

Oso bestelako proposamena egingo du Haatik dantza konpainiak Ur bizitan ikuskizunarekin. Istorioaren abiapuntua Urumea ertzen bizi zen baserritar familia bat da. Sendi honen kontakizunek sortzailearengan piztutako jakin-min, lilura eta poz zein haserreak oholtzaratzen dira, hain zuzen (ekainak 3). Halaber, kontakizun historikoen ildo bertsutik, Dantzaz konpainiak Basotik itsasora lana aurkeztuko du.  Gurseko kontzentrazio esparruan kokatzen da istorioa, non eta 1939 eta 1945 urteen artean Gerra Zibiletik ihes egindako errepublikanoak eta Naziek atxilotutako juduen patuek bat egin zuten toki lazgarri hartan. Emanaldiak bi zati izango ditu. Lehenik Mediterraneo itsasoa zeharkatzen duten errefuxiatuekin paralelismo bat marrazten duen dokumentala eskainiko da eta ondoren dantza emanaldiak borobilduko du artea eta elkartasuna uztartzen dituen proposamen berezi hau.

Dantza zikloarekin bukatzeko, Urki dantza taldeak ikasturte amaierako emanaldia egingo du maiatzaren 29an. Hiru urte igaro dira jadanik herriko taldeak Basteron urtero-urtero egin ohi zuen emanaldi berezia azkenekoz egin zuenetik eta gogoz eta ilusioz beteta aurkitzen dira, hortaz, dantzariak. Gipuzkoatik bertatik abiatuta, Euskal Herri osotik igaroko den proposamena prestatu dute oraingo honetarako.

 

Antzerkia eta Rock Jaialdia

Hika Teatroa konpainiaren Tarara lanak irekiko du antzezlan eskaintza apirilaren 1ean. Bilboko San Frantzisko kalean 70. hamarkadan girotutako istorioa taularatzen du lan honek. Emakume trans bat, alabarik gabeko ama bat eta amarik gabeko alaba ditu protagonista istorio berezi honek. Txikienentzako txanda, halaber, Markeliñe taldearen Ganbara lanarekin etorriko da apirilaren 3an. Emakumeak baserriaren zutabe gisa duen garrantzia lantzen du obra honek, aspaldi ahaztutako objektuen bidez oroitzapenak pizten zaizkion protagonista baten eskutik eta jolaserako gonbidapena eginez.

Gaztetxoei zuzendua, Borobil Teatroaren Narcis@ lanak osatuko du etxeko txikientzako udaberriko antzerki eskaintza. Peru eta Maialen ditu protagonista lan honek. Teknologiari, sare sozialei eta nerabezaroari buruz dihardu antzezlanak. Ekainaren 3an Kutxidazu bidea Ixabel eleberri ezagunaren antzerki moldaketa musikalaren txanda iritsiko da. Jatorrizko istorioa taularatzen du ekoizpen honek, abestiz beta eta umore printzarik galde gabe.

Musika hitzorduei helduz, Zelanda eta Liher taldeek apirilaren 9an hartuko dute Basteroko oholtza. Pop-rock taldeak biak, lehenen kasuan Hesian talde ezagunean zaildutako kideek osatzen dute. Liher laukotea bere aldetik, Lide Hernandok gidatutako taldea da eta Eta hautsa zen helmuga lana aurkeztera gogotsu etorriko dira Andoainera.

Rock zaleen hitzordu handia, baina, bere XIV. edizioa beteko duen Andoaingo Rock Jaialdia izango da, ekainaren 11n. Ohiko formatuan, arratsaldetik hasita gauera arte, itzuliko da jaialdi handia, azken urteetan pandemiak baldintzatutako mugak alde batera utzita. Nafarroa Plazan izango da, sarrera librearekin. Jaialdi honen atariko gisa, proposamen esperimentalagoekin eta gitarra zaleen gozamenerako etorriko den Marck Ribot maisuaren emanaldia, maiatzaren 6an Muskulo taldearekin batera. Azkenik, Neomak taldeak bere proposamen berria taularatuko du. Urte luzez Kepa Junkerarekin zailduak, tradiziotik edanez, baina melodia modernoak sortuz, 7 emakumeren ahotsekin sorgintzeko (ekainak 17).

Musika eskolarekin lotutako emanaldiei helduz, Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandak Santa Krutzak modu koloretsuan ospatzeko nahiarekin, Latin Fest izena jarri dion proposamen alai eta bizia prestatu du. Maiatzaren 14an, berriz, Txikiludioak izeneko piano kontzertu berezia egingo du Uxue Rincon piano-jotzaileak. Errezitaldi honetan Javier G. Sarmientoren 24 pieza joko ditu Rinconek, pieza klasikoetatik hasita, jazz estilora hurbildu arte. Azkenik, ekainaren 10ean, Beteranoen Easo Abesbatzak Myriam Ulanga piano-jotzailearekin batera, emanaldia egingo du.

 

Erakusketak

Datozen hilabeteetan hiru erakusketa ikusteko aukera izango da Bastero Kulturgunean. Pedro Gaztañagaren Punctum apirilaren 8tik 30era bitartean egongo da ikusgai. Egileak berak ezagutu eta miresten dituen pertsonen erretratuek osatzen dute erakusketa, hemen zein Frantzian ala Estatu Batuetan margotutako lanekin.

Maiatzaren 6an Kanpezu 50 urte izeneko argazki erakusketa irekiko da. La Salle Berrozpe ikastetxeko kanpaldietan 5 hamarkadetan jasotako bizipen eta istorioak dira erakusketa honen muina, andoaindar askoren umetako oroitzapen politak piztuko dituena. Maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik.

Bukatzeko, Miguel Balliache artistaren txanda etorriko da ekainaren 3an. Nazioartean erakutsi ditu bere lanak formazio zabal eta hainbat diziplina lantzen dituen sortzaile honek. Uztailaren 2ra arte egongo dira bere margoak ikusgai.

 

Sarrera salmenta

Sarrera salmenta orokorra martxoak 24an ipiniko da martxan, Basteroko leihatilan edota Kutxabank bidez. Aurrez, Bastero Kulturguneko bazkideek aukera izango dute erreserbak egiteko, martxoak 21etik aurrera.

Dantza zikloko emanaldiek 6 euroko prezioa izango dute, eta Dantza zikloko bonoa eskuratzeko aukera egongo da leihatilan 20 eurotan, honek dantza emanaldi guztietarako sarrera bermatzen duelarik.