Ane Azkona, Sandra Cuesta, Jone Laspiur eta Larraitz Torresen diziplina-anitzeko lanak jasotzen ditu gaur inauguratu den mostrak

Gaurtik aurrera andoaindarrek arte garaikidearen praktiken eta sormen prozesuen barnean sakontzeko aukera dute Bastero Kulturgunearen erakusketa aretoan FORMAL FORMAL erakusketari esker. Ane Azkona, Sandra Cuesta, Jone Laspiur eta Larraitz Torres sortzaileen diziplina-arteko lanek osatzen duten mostrak, ikusleak sorkuntzaren partaide bilakatuko ditu eta, helburu horrekin, herriko talde ezberdin eta ikasleekin jarduerak antolatuko dira.

Hilabete osoan zehar (urriaren 30era arte) eskainiko den proposamen berri hau gaur inauguratu dute Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, lau artistek eta Maite Alonso bitartekariak. Testuen lanketan Iñigo Gómez, Itziar Gutierrez eta Ane Lekuona aritu dira.

Hain zuzen, proposamen honen dibulgazio aspektuak nabarmendu ditu zinegotziak, “arte garaikidera hurbildu eta sormen-prozesuak gertu-gertutik ezagutu eta artistekin batera hausnar egiteko aukera paregabea” eskaintzen duelako erakusketak, “ikusle huts izatetik harago, sorkuntzaren konplize bilakatu gaituelarik, ikuslea bera sortzaile ere bihurtuz”. Herriko hezkuntza zentroak, ESCIVI eskola barne, eta Bertso Taldea partaide izango dira.

Artisten sorkuntza prozesuetara eta arte garaikidearen praktiketara gerturatzeko aukera da HARRIAK 2021programak dakarren proposamena. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako ekimena da eta elkarlanean lotzen ditu artistak hasiberriak, bitartekariak eta erakusketa-areto ezberdinak. Andoainen Bastero Kulturgunean garatuko da ekimena, erakusketa eta dibulgazio ekintzak hartuko dituen tokia.

FORMAL FORMAL-ek bere baitan hartzen ditu lan plastikoak, soinuak, testuak eta performance-a, espresio-bide ezberdinen arteko loturak eta elkarrizketak azalarazteko xedez. Lehenik hitzetatik jota, hortik soinu eta abestietara eta azkenik objektuetara iritsiz, plazaratzen diren galdera irekiak honakoak da: Abesti bat al da erakusten dena? Zer inplikazio dakartza mezuari zuzenean erantzuteak? Izendatzen den unetik bertatik hasten al da zerbait existitzen?… Marrazkiak, soinua, eskultura gorputza eta irudia erabiliko dira espresiobide gisa. Hausnarketa hau, gainera, partekatua izango da eta dibulgazio ekintza ezberdinen bidez topaketak, jarduerak eta elkarrizketak antolatu dira herriko talde eta eragile ezberdinekin, bereziki, gazte eta nerabeei zuzendutakoak.

4 artista gipuzkoar multidiziplinar

Ane Azkonak (Donostia, 1997) Arte Ederretako ikasketak egin zituen Bilbon, Atenas arte-akademian ikasi ondoren. 2017tik bakarkako eta taldekako erakusketan parte hartzen du, besteak beste, In and/or Out, Thessalonikiko City Fuck galerian (Grezia). Lanak harreman eta identitate alderdiak ditu, iruditegi kolektiboko elementu esanguratsuen eta pop kulturaren arteko kontzeptuzko topaketak behartzeko. Sanda Cuesta hondarribiarraren praktika eskulturatik abiatzen da, nahasmendua bilatzeko nahiarekin, arreta bideratuz. Zarata Fest, Le Club Larraxkito, Ertz, Mugatxoanen Emisio 0 bezalako soinuarekin lotutako hainbat testuingurutan aurkeztu du lana. Larraitz Torresek (Irun, 1979) bere lanetan iruditegi komunen materialak erabiltzen ditu beste elkar-ulertze batzuk berriz adierazteko eta ahalbidetzeko zubi gisa. Honako lan hauek aurkeztu ditu, besteak beste:  Permanent Vacation Versión (Artium), Inicio-Nowness (La Casa Encendida), The landscape The song The make up (Marfa, AEB), Sec.Int.Night (DAI/Casco, Herbehereak) edo Analphabet Orquestra (Tabakalera, Casco-Utrecht, Dai-Arnhem). Jone Laspiurrek (Donostia, 1995) Arte Ederrak ikasi zituen Leioan eta Buenos Aireseko UMSAn eta eskulturan interesatuta nagusiki. Donostiako Azpi espazioan aritu izan da bere lana garatzen, eta 2019an Eusko jaurlaritzaren sorkuntzarako laguntza jaso zuen TOO LESS TO EDO TOLESTU proiektua garatzeko.

Erakusketa, doako sarrerarekin, gaurtik aurrera egongo da ikusgai, ohiko ordutegian: astelehen-ostiral 18:30-20:00 eta larunbatetan 10:30-13:30 eta 18:00-20:30.