Gaur ireki ditu ateak ANTROPOCENO erakusketak Bastero Kulturguneko aretoan. Uztailak 30era bitartean ikusgai egongo da Eduardo Arreseygor artistak eta bere ikasle batzuek osatutako lana. Arreseygorrek zuzentzen duen margoketa udal ikastaroetako ikasle ezberdinen ekarpena eta laguntza izan du.
Proiektu honen bidez, gure “aztarna ekologikoa” irudikatu nahi izan da, zalantzazko etorkizunera eramaten gaituen paisaia zentzugabeak marraztuz. Sormena erabiltzen da, gizarte hondakinen bidez “zer garen” hobeto ulertzeko.
Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak azpimarratu duenez “koronabirusak ezinezko egin zuen iaz erakusketa hau aurrera eramatea, baina urte bat beranduago berriro ere programatzeko aukera izan dugu”. Ruizen esanetan “pozik gaude herriko kulturgunean, herriko sortzaile eta artistek beraien lanak eskaintzeko aukera dutelako, Eduardo maisu eta bidelagun aparta izan dute”.
Erakusketaren ordutegia, astelehenetik ostiralera arratsaldez 18:30-20:00 bitartean izango da, larunbatetan goizez 10:30-13:30 eta arratsaldez 18:00-20:30 bitartean. Igande eta jaiegunetan itxita egongo da.