Zuzeneko autobus zerbitzu berezia egongo da 17:45etik 19:00etara joateko, eta itzultzeko 20:30ean, kontzertua amaitzean. Bi autobus geltoki egongo dira: Kaleberria eta Zumea plaza.
Otietako tunelean izandako luizia dela eta, oinez edo bizikletaz joan nahi dutenek GI-3091 errepidea edo Lizarkola pasealekua erabili beharko dute lehentasunez.
Datorren ostegunekoa, uztailak 14, uda honetako KALE GIROAN programazioko hitzordu berezienetako bat izango da. Emanaldi berezi horretan musikak eta naturak bat egingo dute Leitzarango Otieta parkean, bisitarien zentroaren ondoan, hain justu ere. Izaro artistak haren azken lana, Limones de Oro, eskainiko du, formatu akustikoko kontzertuan. Ikuskizuna doakoa da, baina bertara sartzeko ezinbestekoa izango da aurrez eskuratu beharreko gonbidapena.
Hala, Udalak zerbitzu berezia prestatu du kontzerturako sarbidea errazteko. Batetik, GI-3091 errepidea itxita egongo da egun osoan, udako asteburu eta jaiegunetan egiten den bezala, eta egoiliarrei ala gaitutako ibilgailuei baino ez zaie baimenduko sarbidea.
Bestetik, zuzeneko autobus zerbitzua eskainiko da Andoaingo erdigunearen eta Otietako parkearen artean. Bi geldialdi egongo dira, lehena Kaleberrian (Laboral Kutxa alboan) eta bigarrena Zumea plazan (Eroski alboan). Autobusak etenik gabe egingo du ibilbidea 17:45etik 19:00etara, emanaldia hasiko den ordura arte, hain zuzen. Kontzertua bukatutakoan, 20:30ean gutxi gorabehera, itzulerako zerbitzua baldintza berdinetan eskainiko da.
Halaber, Otietako tunelean gertatutako luizia dela eta, gogoan izan oinez edo bizikletaz joan nahi dutenek GI-3091 errepidea edo Lizarkola pasealekua erabili beharko dutela lehentasunez, eta aldez aurretik iristea gomendatzen da.
Eserlekuei dagokienez, entzuleak lurrean eseri ahal izango dira zuzenean (eskuoihalak edo esterilak erabiliz) edo musikaz gozatu ahal izango dute esparru berean banatuko diren aulkietan. Horrez gain, eguraldiaren iragarpenak dioenez, eguzkiak argituko du eta tenperaturak altuak izango omen dira; beraz, komeniko da behar bezala hidratatzea eta burua behar bezala estaltzea.
Azkenik, gogorarazten da ingurunearen erabilera arduratsua eta jasangarria egin behar dela. Ontziak propio jarriko dira jendeak sortutako hondakinak bota ahal izateko, eta parkea garbi mantentzen dela bermatu ahal izateko.