Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira
Andoaingo Udaleko Hezkuntza eta Kultura sailak seigarren urtez jarraian parte hartuko du Europako Ondarearen Jardunaldietan. Honenbestez, Manuel Larramendi Kultur Bazkunarekin elkarlanean, Andoaingo Guduari buruzko erakusketa aurkeztuko da Bastero Kulturguneko Erakusketa Gelan, irailaren 10etik 25era. Ahaztuak. Emakumeak bertan ziren eta bertan ari dira izenburua duen erakusketa ikusteko aukera izango da, baita bisita gidatuetan parte hartzekoa ere.
Andoainen, 1837ko irailaren 14an, Lehen Gerra Karlistaren garaian, izugarrizko borroka gertatu zen liberal eta karlisten artean. Baserriak eta soroak erreta, bertako hainbat familiak bertatik ihes egin beharra izan zuen. Iheslari horietako asko eta asko emakumeak eta bere ardurapean zeuden senideak. Ez zen txantxetako trantzea izan. Egun horretan karlistek gure herrian garaipena lortzeak, Andoainen karlisten aldetik gerra-frontea bertan finkatzea ekarri zuen, horren ondorio guztiekin.
Izenburuak berak dioen bezala, gatazkek gizarte osoan eragiten duten arren, gizarte horren erdia, emakumeak alegia, ahaztuak izaten dira maiz. Erakusketa honetan badira emakumeak, orduan izan ziren eta egun ere lanean ari dira.
Txitxu Ruiz zinegotziak azpimarratu du “emakumeak gertakari historiko horretan eta gisa berekoetan izan zuen eginkizuna erakutsi eta balioan jarri nahi dela” eta gonbita luzatu die andoaindar guztiei Basteroko erakusketaz eta bisita gidatuez goza dezaten.
Erakusketaren ordutegia honako hau izango da:
Astelehenetik ostiralera: 18:30 – 20:00
Larunbatetan: 10:30 – 13:30 / 18:30 – 20:30
Sarrera doan da. Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek Bastero Kulturguneko 943-303540 zenbakira dei dezakete edota basteroataria@andoain.eus helbidera idatzi. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea, plaza mugatuak baitira. Bisita gidatuetan ezusteko polita izango dute bisitariek.
Irailak 18an – 11:00etan gazteleraz eta 12:00etan euskaraz
Irailak 25ean – 11:00etan gazteleraz eta 12:00etan euskaraz