Irailaren 18an, ostiralean, 22:00etan, ANARIren kontzertua eta irailaren 20an, igandean, arratsaldeko 18:00etan, Babo Royal haur antzerkia izango dira Kale Giroan programazioaren barruan, Ondarreta ikastetxeko jolastokian.

Ikuskizunen sarrerak doakoak dira, eta hasiera batean sarrerak emanaldiak baino 2 ordu lehenago Bastero Kulturguneko txarteldegian jaso behar zirela iragarri bazen ere, Covid-19ak gaur egun indarrean dituen segurtasun neurriak betetzeko, gonbidapenak eskuratzeko aukerak aldatu eta aukera berriak ezarri dira. Interesdunek gonbidapenak irailaren 17an eskuratu ahal izango dituzte, goizeko 10:30etatik aurrera modu hauetara:

  • Internet bidez, www. kutxabank. eus webgunean. Ez du komisiorik izango.
  • Basteroko txarteldegian emanaldiak baino 2 ordu lehenago banatu ez diren gonbidapenak jasotzeko aukera izango da.

Pertsona bakoitzeko gehienez 5 gonbidapen banatuko dira. Halaber, gonbidapenen erabilera arduratsua egitearen garrantzia nabarmendu nahi dugu. Aforoa mugatua den heinean, garrantzitsua da erabili gabeko gonbidapenik ez geratzea. Izan ere, sarrera doakoa da baina jaialdia osotasunean ez.

Anariren kontzertua eta Babo Royal antzerkiaz gain, irailaren 26an Tonbola antzerkia izango da arratsaldeko 19:30etan. Gonbidapen hauek, irailaren 24tik aurrera eskuratzeko aukera izango da www.kutxabank.eus webgunean edota Bastero Kulturguneko leihatilan 10:30etatik- 13:00etara eta 16:30etatik 19:30etara.