GURE ZIRKUA, Euskal Herriko zirkurik ospetsuena, maiatzean iritsiko da Andoainera, eta hainbat emanaldi eskainiko ditu Miranda pasealekuan jarriko den karpan, Etxeberrieta plazaren parean.

Macaco, Robyn Hitchcock, Demode Quartet edo Nikone eta Deva buru dituen GAZTETOUR urbanmusika jaialdiaren edizio berriak osatzen dute musika proposamena.

Basteroko agertokiak Ez naiz inoiz Dublinen egon komedia, Pabellon-6 konpainia gaztearen Komedia Madarikatua proposamen berria edo Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretaren Sexberdinak lana jasoko ditu.

Zirkua, musika eta antzerkia izango dira Andoaingo udaberriko kultur programazioaren ardatz nagusiak, estreinaldiekin eta interes handiko proposamenekin. Apirileko, maiatzeko eta ekaineko programazioaren aurkezpena Etxeberrieta plazan egin da Txitxu Ruiz Kultura zinegotziaren eskutik, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga Gure Zirkua taldeko kideekin batera.

Hala, gaurko aurkezpenerako lekuaren aukeraketa ez da kasualitatea izan, hain zuzen, Gure Zirkua Miranda pasealekuko berdegunean kokatuko baita, Etxeberrieta plazaren parean. Santakrutzeko jaiak amaitu ondoren, Gure Zirkuak zirkuaren magia zabalduko du andoaindarren artean bi astez. Emanaldiak honako hauek izango dira: maiatzaren 5ean, ostirala (19:00); 6an, larunbata (16:30 eta 19:30); 7an, igandea (12:00 eta 18:00); 12an, ostirala (19:00); eta 13an, larunbata (16:30 eta 19:30).

Ruizek azpimarratu du udaberriak beti dakartzala “ilusioa, poza eta bizitza”; Andoainen kasuan, gainera, “zirkuaren magia izango dugu euskaraz udaberri honetan; fantasiaz eta ilusioz beteta”. “Ziur nago txikienek, eta baita hain txiki ez garenok ere, gozatu egingo dugula ikuskizunaz”, gehitu du. Ruizen arabera, zaila da programaziotik zerbait konkretua nabarmentzea, gustu eta adin desberdinei erantzuteko pentsatu baita; eta urban musikatik edo rocketik hasita, a capella taldeetara, eskaintza zabala da.

Musika Basteron eta GAZTETOUR

Musikak leku nabarmena izango du kultur programazioan. Apirilaren 14an, Basterok proposamen bikoitza egingo du: Juarez nafarrek zabalduko dute gaua, eta Robyn Hitchcock kantautore britainiarrak bere emanaldia eskainiko du Los del huevos Band taldearekin. Apirilaren 21ean, Bartzelonako Macaco artistak Vuélame el corazón proposamen berria aurkeztuko du. Gainera, maiatzaren 12an, Demode Quartet-ez gozatu ahal izango da, a capella kantua eta umorea nahasten dituena. Taldeak ospe handia du une honetan, La Voz telebista-saioan parte hartu ostean.

Maiatzaren 13an Goikoplazan GAZTETOURen edizio berri batez gozatuko dugu, Gazteria sailak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sustatua. Arratsaldetik aurrera, Deva artistak bere R&B kantuekin abiaraziko duen urban musika egitaraua prestatu da, Nikone madrildarraren emanaldia ere izango da kartelburu. Herriko artisten eta Leinup eta Ander-ren DJaren saioak ez dira faltako.

Antzerki proposamenak eta txotxongiloak

Erik eta Win lanak irekiko du antzerki programazioa apirilaren 20an, bertsoak eta antzerkia uztartuz; Euskara sailak sustatutako emanaldia. Maiatzaren 19an Pabellón-6ko gazte konpainiak Komedia Madarikatua obra berria eskainiko da. Ekainaren 2an Tentazioaren berriena eskainiko da: Ez naiz inoiz Dublinen egon, kritika oso onak jaso dituen komedia. Eskaintza osatuko du, ekainaren 16an, Sexberdinak lanak, Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretarekin, berriki Goya saria jaso duen aktorea, hain zuzen.

Txikienek ere aukera interesgarriak izango dituzte txotxongilo ikuskizunen bi proposamenekin. Apirilaren 22an, Enkarni Genuaren Txotxongilo taldeak klasiko bat eskainiko du: Itsasminez. Maiatzaren 21ean, Zurrunka teatroak Basterora Gure kanoa lana ekarriko du. Ekainaren 4an Argako erregina antzezlan familiarraz gozatzeko aukera izango dugu.

Denboraren joanari buruzko hausnarketa izango da Aragoiko LaMov konpainiaren abiapuntu inspiratzailea, maiatzaren 7an egingo duen Tempus fugit dantza ikuskizunerako. Ikuskizuna Vivaldiren Lau urtaroak lanaren erritmoan garatuko da. Maiatzaren 11n Elbira Zipitria andereñoari buruzko dokumentala proiektatuko da. Elbira Zipitria ikastolen sustatzailea eta euskarazko hezkuntzaren aitzindaria izan zen.

Erakusketak

Datozen hilabeteetan 2 erakusketa ikusi ahal izango dira Bastero Kulturgunean. Ruizen arabera, Bastero “herrira zabalduko da, herriko bertako bi erakusketa interesgarriri esker”. Apirilaren 20an estreinatuko da Euskalduna, 100 urte zurekin. Erakusketa honek Euskaldunaren 100 urteetan zeharreko ibilbidea egiten du argazkien, prentsa ebakinekin, janzkerekin eta garaikurren bidez, besteak beste. Etxeberrieta zelaiaren zuri-beltzeko irudiak ikusi ahal izango dira, kluba Hirugarren Mailan egon zeneko urrezko garaia eta gaur egungo testigantzak ere jaso dira.

Ekainaren 1ean, berriz, Andoaingo argazkilari talde batek osatutako erakusketa kolektiboa egongo da ikusgai: Xabier Alkorta, Eduardo Arreseygor, Haizea Brosa, Itziar Gutiérrez, Xabier Huitzi, Juanma Lazkano, Aitor Regillaga, Maddi Trutxuelo, Nerea Uralde eta Rosa Zozaya.

Sarreren salmenta

Sarreren salmenta orokorra apirilaren 5ean jarriko da martxan Basteroko leihatilan edo Kutxabanken bidez. Aldez aurretik, Bastero Kulturguneko bazkideek erreserbak apirilaren 3an eta 4an egin ahal izango dituzte.