Gaur inauguratu den erakusketa irekieran izan da sortzailea bera, sormen prozesuari buruzko azalpenak bertatik bertara emateko. Apirilaren 5era arte egongo ikusgai, ohiko ordutegian.

Alicia Martin Lopez (Plasencia, 1982) artistaren erakusketa ikusgai egongo da Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan martxoaren 9tik apirilaren 5era bitartean. Joko amaigabea izeneko bilduma honetan, sortzaileak formatu handiko margolanak bildu ditu, naturan eta honen zikloetan inspiratutakoak. Hain zuzen, artista bera, inaugurazio ekitaldian izan da gaur, eta bertaratu direnek haren hitz eta azalpenen bidez gertu-gertutik ezagutu ahal izan dute haren sormen prozesua.  Ekimena Katapulta Plataformak sustatua dago, Bastero Kulturgunearen kolaborazioarekin eta Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.

Joko amaigabea abstrakzioaren lengoaiatik eta materiaren portaeraren ikerketatik abiatzen da, mundu naturalaren berezko dinamikak eta horien etengabeko desagertze- eta birsortze-zikloak gogora ekartzen dituzten egiturak islatzeko. Forma organikoek eskaintzen dute jolasteko aukerez baliatzen da Martin; hortik, mostraren izena eta ikuslea bera ere jolas horretan murgiltzeko egiten duen gonbidapena.

Erakusketaren irekiera ekitaldian parte hartu du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, Txitxu Ruizek eta Andoaingo Udalaren ordezkari gisa, eskerrak eman dizkio Aliciari, bere lan zabala Basteroko aretoan elkarbanatzeatik. Hain zuzen, Emakumeen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat egin du mostra berriaren irekitzeak  eta, horrela, “balioa eman nahi izan zaio emakume sortzaile eta artisten lanari”. Teknika eta exekuzio landuko margolanak aurkezten ditu erakusketak, Ruizen hitzetan, ikuslearekin elkar-ekintza sortzen dutenak: “Alizia artista bisuala da, naturaren dinamikak errepresentatzen ditu, materia ezberdinen portaera eta eraldaketak jasoz”. Zinegotziak, halaber, Bastero kulturguneko lantaldearen izenean, eskertu egin du Katapulta plataformarekin mantentzen den lankidetza, “talentua duen bertako jendeari aukerak eskaintzeagatik”.

Alicia Martin Lopezek, Arte Ederretako Masterra egin zuen pintura digitalean eta tradizionalean espezializatu zen New Yorkeko School of Visual Arts-en. Bakarka egin ditu erakusketak Donostian, Eibarren, Madrilen, Plasencian, eta Andoain, besteak beste. New York, New Jersey, San Francisco eta Madrilgo hainbat galeriatan ere erakutsi du bere lana erakusketa kolektiboetan. Jaso dituen laguntza eta aintzatespenen artean, Estatu Batuetan master ikasketak egiteko Fulbright Beka eta New Yorkeko School of Visual Arts-en Paula Rhodes Memorial Award delakoa daude. 2018 urtetik Donostian bizi eta lan egiten du.

Ohiko ordutegian irekiko da mostra berria (astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:00etara). Larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Igandetan aretoa itxirik egongo da.