Taldea “un susurro en la tormenta” disko berriaren aurkezpen teknikoa prestatzen ari da Andoainen, eta martxoaren 10eko entsegu orokorra ikusteko pase esklusiboak zozketatuko dira
Hitzordu berezi honetara publiko gisa joan nahi duten andoaindarrek martxoaren 4ko 24:00ak baino lehen eman beharko dute izena Udalaren webgunean sarreren zozketan parte hartzeko
La Oreja de Van Gogh taldea “un susurro en la tormenta” bere azken diskoko abestiak zuzenean aurkezteko bira berriaren xehetasunak prestatzen ari da. Musika taldeak Andoaingo Bastero kulturgunean egingo ditu nazioarteko tour berriaren entseguak, eszenografia eta errepertorio berria prestatzeko. Bira Donostian, Iruñean, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen hasiko da, eta Ameriketako Estatu Batuetatik eta Latinoamerikatik ere eramango ditu, besteak beste.
Talde donostiarrak lau egunez entseatuko du Basteron, eta, hain zuzen ere, entseguen azken egunean, martxoaren 10ean, emanaldi esklusiboa eskainiko du arratsaldeko 19:00etan. Publiko gisa joan nahi dutenek honako esteka honetan eman beharko dute izena zozketan parte hartu ahal izateko. Andoainen bizi diren pertsonek eta Basteroko bazkideek parte hartu ahal izango dute zozketan. Saritu bakoitzak emanaldirako pase bikoitza eskuratuko du.
Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 4ko gaueko 12etan amaituko da, eta zozketa martxoaren 5ean egingo da automatikoki. Ekitaldi honetarako edukiera segurtasun-arauei eta protokoloei jarraituz egokituko da, aretoaren aforoa %50era egokituz.
Martxoaren 5ean bertan jakinaraziko da zein pertsona izan diren hautatuak, eta martxoaren 8an eta 9an (goizez eta arratsaldez) eta martxoaren 10ean (goizez) joan ahal izango dira sarrerak jasotzera, Basteroko txarteldegira (10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era). Sarrerak zenbakituak izango dira eta automatikoki esleituko dira.