Gaztetxoek GO!AZEN telesaileko izarren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute zuzenean eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizun berria ekarriko dute.
Otsailaren 11tik 13ra, XVII. Piano Jaialdia bere ohiko hitzordura itzuliko da, lurraldeko piano-jotzaileen topagune nagusi bilakatuko delarik.
Sarrerak urtarrilaren 3an jarriko dira salgai, eta Basteroko bazkideek abenduaren 27tik aurrera erreserbatu ahal izango dituzte.
Andoainek “pisu handiko musika eskaintzarekin” ekingo dio 2022 urteari. Halaxe baieztatu du Txitxu Ruiz, Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, Laura Landa kultura teknikariarekin batera egindako agerraldian. Ruizen arabera, “musika estiloetan aukera zabala eskaintzearen aldeko apustua egingo duen programazioa da, rocketik soulera”, eta, aurreratu duenez, “azken hamarkadako euskal musika eszenan oso ezagunak diren talde eta artisten itzulerak” ere egongo dira.
Kerobia nafarrek berriro ekin diote bideari, geldialdi baten ostean, eta Hilak disko berria aurkeztuko dute. Taldekideen aldaketarekin, baina euren estilo ezagunari eusten dieten abesti berriekin, zalantzarik gabe, jarraitzaileak gozaraziko dituzte berriz ere. Hitzordua datorren martxoaren 18an izango da Bastero Kulturgunean.
Agertokietara itzuli den beste artista bat Afrika Bibang da. 2000ko hamarkadaren hasieran oso ezaguna egin zen abeslari algortarra zuzenekora itzuliko da, oraingoan soul estiloan. Martxoaren 4an aurkeztuko duen Ispiluaren aurrean lan berriarekin, “nor bere buruari begiratzeko” gonbita egin nahi du. Hain zuzen ere, Afrika da aurkeztu berri den programazioaren azaleko irudia.
Euskal kantugileen artean ezagunenetakoa eta ibilbide luzeenetakoa duen artista Andoaindik pasako da, proposamen musikal eta poetiko bereziarekin. Gontzal Mendibil-ek Joan Gurutzekoaren poema espiritualetan oinarritutako Neugan bizi gabe biziz lana aurkeztuko du otsailaren 25ean. Kantautore bizkaitarrak Luis Baraiazarrak euskaratutako poema batzuk musikatu ditu eta Easo abesbatzaren luxuzko laguntzarekin aurkeztuko ditu zuzenean. Santuaren olerki eta erromantzeak jatorrizko metrika eta errimari eutsiz igaro dira euskarara. Mendibilen lan musikalak, beraz, Errenazimentuko poesia mistikoko obra garrantzitsuenetako bati euskarazko bizitza berria eman dio.
Kantugile gisa betetako 30. urteurrena ospatzen ari den Jon Maia bertsolariak osatuko du musika eskaintza, Kantu bat gara ikuskizunarekin. Puntako musikariek lagunduta, hiru hamarkada hauetan zehar hark idatzitako abestiak abestuko ditu. Euskal kantutegiko klasikoak diren kantak, Itsasoari begira, Gora Herria ala Non geratzen den denbora bezalakoak.
Ganbera musikak ere bere tartea izango du, Batura zikloarekin. Otsailaren 4an Basteron Zanchetta-Somezi piano-jotzaile eta biolin-jotzaile bikoteak joko du, obra klasikoez zein modernoagoez osatutako errepertorioa interpretatuz.
Antzerkia, dantzak eta pailazoak
Andoaingo txikiei dagokienez, haiek ere dibertsioa bermatua izango dute. Urtarrilaren 29an Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunek Kuikui ikuskizun berria aurkeztuko dute, txori maitagarri bat protagonista eta euskara mezuaren erdigune gisa duen proposamenarekin. Handiagoentzat, GO!AZEN musikala programatu da, Euskal Telebistako telesail ezaguneko protagonisten parte-hartzearekin. Bi kasuetan saio bikoitzak programatu dira, inor sarrera gabe gera ez dadin. Las pequeñas cosas txotxongilo ikuskizun mutuaz gozatzeko aukera ere izango dute txiki eta gurasoek martxoaren 6an, eguerdian.
Datozen hilabeteetan ere ez dira faltako antzerkiarekin lotutako hitzorduak. ATX Teatro bere hamargarren urteurrena ospatzen ari den honetan, Lubaki kanoitsua lana ekarriko du Andoainera urtarrilaren 21ean. Lubaki batean girotuta, belaunaldi ezberdinen arteko bizitzari buruzko ikuspegi ezberdinen aurrez aurreko talka kontatzen du lanak. Txalo Produkzioen eskutik etorriko da umorea, Lehendakari gaia antzezlanarekin eta Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktore ezagunekin. Galartzak lehendakari hautatu berri baten papera jokatzen du, eta bat-bateko tic grotesko baten agerraldia bere lehen hitzaldia zapuztear da; hori horrela, Gurrutxagak interpretatutako psikologo baten laguntza izango du. Azkenik, martxoaren 25ean, Chicas y chicos antzezlanaren txanda etorriko da: emakume baten porrotak eta garaipenak, eta gainditu behar izan dituen kristalezko sabaiak gaitzat ditu. Azken emanaldi hau Martxoaren 8ko programazio bereziaren barruan kokatzen da.
Piano jaialdia eta erakusketak
XVII. Otsailaren 11tik 13ra, Piano Jaialdia bere ohiko hitzordura itzuliko da, lurraldeko piano-jotzaileen topagune nagusi gisa. Iazko ez-ohiko emanaldian musika-ekitaldiak seguruak izan daitezkeela erakutsi ostean, aurten hazi eta potentzial guztia berreskuratzen hasi nahi dute.
Trentxiki Argazki elkarteak bere hamargarren urteurrena ospatuko du erakusketa berezi batekin: Miszelanea-Trentxiki AE 10 urte. Urtarrilaren 21etik 25era bitartean egongo da ikusgai. Martxoaren 4tik aurrera, Igone Mariezkurrena kazetariaren eta Irantzu Pastor argazkilariaren Luminiscentes erakusketak lekukoa hartuko dio. Diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen istorioak eta jasan dituzten indarkeriak biltzen ditu erakusketak.
Sarrerak
Publiko orokorrerako sarrerak urtarrilaren 3an jarriko dituzte salgai (Basteroko leihatilan eta Kutxabanken). Halaber, Bastero Kulturguneko bazkideek sarrerak erreserbatu ahal izango dituzte abenduaren 27tik aurrera, aurrez aurre eta telefonoz, ohiko ordutegian.