HIRIBUS autobus zerbitzuak eramango ditu ikusleak Leitzaranera, GENEROA dantza ikuskizunerako (uztailaren 17an) eta NUMENAK haur antzerkirako (irailaren 4an).

Uztailaren 23an, URMUGA ikuskizuna Otieta parkearen ingurune naturalera iritsiko da, eta, horretarako, autobus zerbitzu berezia ezarriko da 17:00etatik 18:00etara, joanerako (geldialdiak Kaleberrian eta Zumean). Azken itzulera-zerbitzua 20:30ean emango da.

Kale Giroan udako kultur programazioak “momentuko euskal musika, antzerki eta ikuskizunen onena” ekarri nahi du Andoaingo txoko ezberdinetara, eta aurtengo edizioan, Leitzaran bailarak protagonismo berezia izango du. Horrela, Txitxu Ruiz Kultura zinegotziak eta Mari Jose Izagirre Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria zinegotziak nabarmendu dutenez, “egitarauko hitzordu berezienak natura eta kultura uztartuko dituen ingurune berezi honetan egingo dira”.

Horretarako, ezinbestekoa izan da Hezkuntza eta Kultura Sailaren eta Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria Sailaren arteko lankidetza estua; izan ere, bi arduradunek azaldu dutenez, “erronka logistikoa izango da, herritarrak bertara oinez, bizikletaz edo HIRIBUS hiri-autobusen zerbitzuan sartuko baitira”. Zerbitzu hori berariaz areagotuko da, hain zuzen. 

Era berean, ahalegin berezia eskatuko da ingurunea errespetatzeko; izan ere, “ekitaldietan parte hartu nahi duten ikusleek ulertu beharko dute Otita parkea ez dela herriko beste plaza bat bezalakoa”, eta zinegotziek gomendatu dute eremuan eserlekuak egongo diren arren, “jendea prest egon dadila belarretan eseri, ingurua zaindu eta kulturaz gozatzeko “. Horretarako, toallak edo esterillak eraman ahalko dira lurzoruaren hezetasunetik babesteko. Halaber, gogorarazten da ezin izango dela txakurrik edo maskotarik eraman ekitaldiaren esparrura.

 

KULTUR EGITARAUA

Larunbat honetan, uztailaren 17an, Leitzarango kultura programazioa estreinatuko da Kimuak Kolektiboa dantza taldearen GENEROA emanaldiarekin. Emanaldi guztiak 18:00etan hasiko dira.

Uztailaren 23ko arratsaldean udako emanaldirik bereziena izango da; izan ere, Et Incarnatus Orkestrak kontzertu errepikaezina eskainiko du URMUGA jaialdiaren barruan. Emanaldi bakar eta bereziz osatutako jaialdi honek euskal abeslari ezagunak biltzen ditu Et Incarnatus orkestrarekin batera agertokia partekatuz. Leitzarango saioan Aitor Mendiluze bertsolariak, Juantxo Arakama (Glaukoma), Xendarineko Ahizpak, Mikel Moreno (Kauta), Idoia Azurmendi eta Niko Etxartek hartuko dute parte.

Irailaren 4an, berriz, NUMENAK haur eta familientzako lanak itxiko du programazioa, bailaran bizi diren pertsonaia magikoekin; galtzagorri, sorgin, basajauna ala lamiak faltako ez direlarik.

 

HIRIBUS ZERBITZUA

Otietara eta Olatzarrera doan GI3091 errepidea asteburu eta jaiegunetan ixten da, baita uztailaren 23an ere (URMUGA), eta debekatuta dago parkera ibilgailu pribatuz sartzea. Turismo jasangarria sustatu nahi da, HIRIBUS zerbitzuaren, bizikletaren eta oinezko ibilaldien bidez.

Uztailaren 17rako eta irailaren 4rako, asteburua denez, HIRIBUSen zerbitzua eskainiko da, egunean 6 aldiz, honako ordu hauetan: 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Leitzaranera abiatzen den ibilbidea Garayar (San Martin elizaren atzean), Kale Nagusia (Bastero), Kaleberria (Nafarroa zubia), Zumea Plaza, Aiztondo, Olazar eta Otieta autobus-geltokitik hasten da. Andoainera itzultzeko ibilbideak kontrako noranzkoan egingo ditu geldialdiak. Azken irteera 19:30ean izango da.

Uztailaren 23an, ostirala, URMUGAren emanaldiaren egunean, ez da HIRIBUSen ohiko zerbitzua eskainiko, ordea, zerbitzu berezia antolatu da, 17:00etatik 18:00etara etengabe eskainiko dena. Bi geltoki egongo dira, Kaleberriko autobus geltokian (taxi geltokiaren eta tren geltokiaren ondoan) eta Zumea plazako autobus geltokian. Emanaldia amaitutakoan, Andoainera itzultzeko azken autobusa 20:30ean irtengo da. URMUGAren kontzerturako sarrera duten pertsonak sartuko dira autobusera, eta lehentasuna izango dute adinekoek, mendekotasunak dituzten pertsonek eta haurdunek.