Iker Valle, Oaia Peruarena, Patxi Laskarai eta Gonzalo Etxebarriaren ekimen bateratu bat erakutsiko da ostiraletik aurrera. Proiektu horretan, lau artista plastikoek bat egin dute haien lana bultzatu eta ezagutarazteko.

Maiatzaren 15ean eta 22an bisita gidatuak antolatu dira (aldez aurreko izen- ematearekin).

Informazioa

 

Iker Valle, Oaia Peruarena, Patxi Laskarai eta Gonzalo Etxebarriaren ESPAZIO KUTTUNAK talde-erakusketa Basteron Kulturgunean egongo da ikusgai ostiraletik aurrera. Aurkezpenean Txitxu Ruiz kultura zinegotziak eta Iyuya Urrutia kultura teknikariak nabarmendu dutenez, “lau artista horiek sortzen duten euskal kultura xume eta isilaz” gozatzeko aukera egongo da, hain justu, artiston sorkuntza zabaltzea helburu duen ekimen honetan. Izan ere, urte asko egin du artista bakoitzak bere ibilbidean, eta orain Basteron aurkezten den proposamen kolektibo honetan, gaztetatik artearekin eta sorkuntzarekin lotzen dituen maitasunak batuko ditu.

2011n ezagutu zuten elkar eta, orduz geroztik, bakarka beren bidea egin dute, hainbat erakusketa eta proiektutan parte hartuz. Artista bakoitzak bere ikuspuntu pertsonala partekatu du eta, Andoainen ikusgai egongo diren lanen bidez, bisitariei beren amets, inpresio, sentimendu, ekarpen eta barne-prozesuak ezagutaraztea nahi dute. Horrela, ESPAZIO KUTTUNAK talde-erakusketak artista bakoitzak egindako bilakaera oparoaren isla izan nahi du. Haien obretan, naturaren presentzia (itsasoa, mendia, basoa) indartsu agertzen da, argiaren eta iluntasunaren arteko elkarrizketak ikus daitezke, eta isiltasunaren xuxurla nabaria da lan batzuetan, baita mugimenduaren kontzeptua ere.

Gonzalo Etxebarria (Bilbo, 1954) espresionismoaren alorrean ibilbide luzea egin duen margolaria da. Hala, bere lanean, espresionismo hori figurazioaren eta abstrakzioaren arteko haustura etengabeen jolas baten bidez askatzen saiatzen da, formak zorrotz zehaztu gabe.

Patxi Laskarai-k (Donibane Lohizune, 1967) argazki munduan ibilbide luzea egin du, Lapurdin 22 urte baino gehiago eman baititu lanean, eta hartutako irudiekin lotura berezia sortzea bilatzen du, guztiak Euskal Herrian ateratakoak.

Oaia Peruarena (Bera, 1972) paisaian inspiratutako pintura inpresionistatik abstrakziorako ibilbidea egin duen margolaria da. Horrela, transmititu nahi duenarekin bat datorren estiloa aurkitzen du, askatasun handiagoz eta pintura izatearen adierazpen-kanal bihurtuz.

Iker Valle (Andoain, 1976) herriko artistak osatzen du taldea. Pinturarekiko zaletasuna duen artista autodidakta da, bere azken aldian alor berriak garatu dituena; margolanez gain, erliebeak eta eskultura ere landu ditu.

Amaitzeko, Txitxu Ruiz kultura zinegotziak azpimarratu duenez, “artista hauen artean badago ezaugarri komun bat sortzaile bakoitzak bere barne beharrei bide emateko bilaketan”. Azaldu duenez, “sortzaile bakoitzak bere lanean sakontzen jarraitu du eta, ondorioz, elementu batzuk elkarrekin erlazionatzen dira, geografikoki urrun egon arren”. Amaitzeko, Ruizek publikoa gonbidatu du “Basterora gerturatu dadin, udaberri honetako kalitatezko proposamen honetaz gozatzera”.

BISITA GIDATUAK

Maiatzean zehar bisita gidatuak antolatu dira artista hauen lanean sakondu nahi dutenentzat. Bisita gidatuek 15 lagunentzako lekua izango dute, eta horietan parte hartzeko izena eman beharko da basteroataria@andoain.eus helbide elektronikoan eta 943.303.540 telefonoan, Bastero Kulturguneko bulegoen ordutegian.

 

Maiatzak 15: 12.00etan, EUSKARAZ
Maiatzak 22: 12.00etan, GAZTELERAZ