Kulturguneko erakusketa aretoan urtarrilaren 14ra arte egongo den ER(r)OTAA erakusketan, sortzaile lapurtarrak gizarte gaiak eta eskubide linguistiko, zibil eta politikoak lantzen ditu.

 

Bastero Kulturguneak iF Matxikoteren (Uztaritze, 1977) ER(r)OTAA erakusketa hartuko du gaur hasi eta urtarrilaren 14ra arte. Erakusketa formatu handiko eta inspirazio kubista eta espresionista duten lan koloretsuek osatzen dute, eta gaur egungo gai eta eztabaidei, eskubideei edo gai sozialei buruz hausnartzera gonbidatzen dute. Erakusketako lanak propio sortu dira, eta zuri-beltzeko 23 ilustraziorekin osatzen da mostra, artista lapurtarrak sorkuntzaren bidez adierazi nahi dituen munduaren eta ideien ikuspegi zabalagoa ematen dutenak.

Ostiral iluntzean burutu da erakusketaren irekiera ekitaldia, iF Matxikote artistarekin batera izan da Txitxu Ruiz, Hezkuntza eta Kultura zinegotzia. Ruizen hitzetan “artista lapurtarrak askatasuna eta eskubideak hartzen ditu aztergai, era figuratibo espresionistan”. Gonbidatu egin ditu andoaindarrak “formatu erraldoiko eta akrilikozko mostra ausartaz gozatzera”. Ohiko ordutegian zabalduko da (astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan, 18:30etik 20:00etara). Larunbatetan 10:30 – 13:30 eta 18:00 – 20:30 bitartean.

Konpromiso soziala eta politikoa

Uztaritzen jaioa, Matxikote haren tamaina handiko lanengatik eta horma-irudiengatik da ezaguna, hain zuzen, formatu horretan erosoen sentitzen dela aitortzen du iF-ek. Jaioterriari estuki lotuta eta konpromiso sozial handiarekin, iF kulturaren, euskararen, antimilitarismoaren eta LGBTIQ+ pertsonen eskubideen aldeko aktibismoagatik ere ezaguna da.

Bordeleko Arte Ederretako eskolan lehen urtea egin ondoren, 2009an jarduera artistikoari ekin zion berriro, bere estudioan lan eginez, eta orduan hasi zen Euskal Herriko eta Frantziako hainbat aretotan erakusketak egiten. 2019an bere galeria ireki zuen Uztaritzen, tTok izenekoa, bere obra erakusteko eta, aldi berean, espazio bat eskaintzeko, hiri handietatik at dauden artistek ere  jarduera artistikoa garatzeko aukera izan dezaten.

Tokiko artisten lana bultzatzeko eta sustatzeko asmo bertsuarekin, 2020an Zapart fundazioa sortu zuen, Euskal Herrian artista estatusaren aitorpena sustatzeko, euskal sare gisa funtzionatzen duena. Iaz, Tolosako Aranburu Jauregian izan zen artista konprometitu honi eskainitako lehen atzera begirakoa, Adar lotuak (2009-2021)izenekoa.