Tanxugueiras hirukote galiziarra, Kai Nakai-ren ‘reggaeton’ doinuak, Ines Osinagaren proposamen berria, eta Ruper Ordorikaren kubatar erritmoak jasotzen ditu musika programazioak.
Etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunen bisitarekin eta ‘Ene Kantak’ ikuskizun berriarekin gozatzeko aukera izango dute.
Kultur eskaintzari dagokionez, denetariko proposamenekin eta adin guztiengan pentsatutako egitarau batekin hasiko da urtea Andoainen. Apirilera bitarteko musika, antzerki eta haurrentzako programazio eskaintza aurkeztu du Hezkuntza eta Kultura sailak, beste behin ere, herritarrei ahalik eta proposamen oparo eta aberasgarrienak egiteko helburuarekin. Halaber, Martxoaren 8ko aldarrikapen eta ospakizunak ere barne hartuko ditu egitarauak, emakumeek protagonismo berezia izango dute oraingo honetan, eta etxeko txikienek ere aukera oso zabala izango dute.
Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, Txitxu Ruiz, izan da programazioa aurkeztu duena “urtea indartsu amaitu dugu, eta 2023 urte berria are indartsuago hasi nahi dugu”. Zinegotziaren iritziz “kultura mugarri ezinbestekoa dugu herri gisa hazteko eta hobetzeko” horretarako “Basterok erreferente izan behar du; puntako antzerki estreinuak, musika emanaldi anitzak, eta txikienentzako erakargarriak diren proposamenak jaso ditugu; guztiek topatuko dute emanaldi interesgarriren bat bertan”. Azkenik, Ruizek azpimarratu du “taula gainean indar berezia izango dutela emakumeek, tradizioz gizonezkoena izan den mundua irauli eta ahalduntze mezuak bidaltzeko”.
Aurkezpenean laguntzaile izan du Mikel Emezabal, Andoaingo Udal Musika Eskolako eta honen Bandako zuzendaria. Emezabalek aurreratu duenez, Bandak Kultur Aniztasun planari eskainiko dio kontzertu bat. Munduko hainbat musikatan barrena bidaia burutuko dute, emanaldian kultura ezberdinetako melodiak uztartzen saiatuko direlarik.
Antzerki proposamen zabala
Lagun beltz asko izeneko antzezlanarekin, Ados Teatroa konpainiak dakarren komedia beltzak irekiko du urtarrilaren 13an egitaraua. Aurpegi aski ezagunak aurkituko dituzte ikusleek taberna batean giroturako istorio honetan. Hala, Asier Hormaza, Ramon Ibarra eta Asier Sota aktoreak desberdintasunaren gaia jarriko dute oholtza gainean, etorkin baten inguruan datzan istorio honekin.
Komedia giroa bazter utzi gabe, Vaiven Producciones taldearen Familia sarekada-k Nerea Gorriti, Mikel Laskurain, Ainhoa Aierbe eta Xanti Korkostegi aktoreak ekarriko ditu Bastero Kulturgunera otsailaren 3an. Istorioak polizia-sarekada bat, delitu informatikoak eta porno domestikoko sare bat jarriko ditu jokoan, barre-eragiteko asmo handiarekin.
Martxoaren 3an, La panadera antzezlana eskainiko da. Emakume batek, sexu-harremanak izaten Interneten kontrolik gabe zabaldutako bideo baten ondorioz jasatzen duen jazarpena kontatzen du istorioak. Errekonozimendu eta sari ugari jaso dituen proposamen honen repartoko kide da Martxelo Rubio aktorea.
Bakarrizketentzako ere egongo da tarterik, martxoaren 17an, kasu honetan. FutbolisTOK izeneko kontakizunarekin etorriko da Andoainera Zuhaitz Gurrutxaga futbol jokalari ohia, hain zuzen, haren lehengo ogibidearen kontu eta komeriak kontatzeko eta, umore berdinarekin, ordutik nozitzen duen nahasmendu obsesibo-konpultsiboaz jarduteko.
Erritmo latinoak nagusi
Musika eskaintzari dagokionez, euskal kantagintzaren izen handi bat izango da protagonista urtarrilaren 20an. Ruper Ordorika ezagunak Amour eta Toujours lana aurkeztuko du baina, oraingo honetan, proposamen berezi batekin, lan berria erritmo kubatarretan girotu baitu eta, hain zuzen, hango eta hemengo musikarien konpainian igoko da Andoaingo oholtzara.
Fusio gehiago, otsailaren 24an, Tanxungueiras galiziar hirukoteak ekarriko duena. Tradiziotik edanez, egungo moldetara eta erritmo urbanoetara ekarritako musika biziki berezia jotzen du talde honek. Iazko Eurovision kantu txapelketarako hautaketa lehiaketan ezagun egin ziren, publikoaren faborito bilakatuz.
Oso bestelako planteamendu batekin, Oiasso Kamerata hari-orkestrak Guda eta bakea izeneko emanaldia egingo du, hain zuzen gai horietan inspiratuta, martxoaren 4an. Halaber, Andoaingo Udal Musika Eskolako Bandakbere emanaldia egingo du martxoaren 24an Kultur Aniztasun planari eskainia.
Martxoarekin batera, urtero bezala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko garaia iritsiko da eta Andoaingo Udaleko kultur programazioak bat egingo du aldarrikapen eta festekin, egitarau berezi batekin. Martxoaren 10ean, aldiz, Kai Nakai artista gasteiztarrak emanaldia egingo du. Reggaeton musika egiten du, dantzarako nahia eta ahalduntze-mezuak batuz.
Amaitzeko, martxoaren 31n, Katuen kontuak emanaldiaren txanda iritsiko da. Literatura eta musika uztartzen ditu ikuskizun honek Joseba Sarrionandia idazlea eta Ines Osinaga musikaria elkartuta. Gose taldeko abeslari ohiak, hain justu, Iurretako egilearen hitzak musikatu ditu.
Haurrentzako agenda erakargarria
Esan bezala, urte hasierarako kultur egitarauak arreta oso berezia emango die etxeko txikienei. Hala, ikuskizun sorta zabalaz gozatzeko aukera izango dute neska-mutikoek, urtarrilaren 28an hasita; Pirritx, Porrotx eta Marimotospailazo famatuen bisitarekin. Taldeak 35 urte beteko ditu aurten eta ospatzeko jai erraldoia antolatu dute. Kantak eta dantzak ez dira faltako, ezta tarta erraldoia ere.
Honi, Ene Kantak talde nafar ezagunaren saioak egingo dio segida, otsailaren 12an. Emozio festa da aurkeztuko duten ikuskizunaren izena, ohi duten moduan, euskarazko abesti ugari eta koreografia dibertigarriak eskainiz.
Haurrentzako antzerkiari dagokionez, MarMar Teatro taldeak Arrainak bihotzean oholtzaratuko du Basteron, martxoaren 26an. Txikienek Martina pertsonaiari itsasoan barreneko bidaia batean lagunduko diote, hain zuzen ere.
Bengoetxea eta Muñozen erakusketak
Bukatzeko, erakusketek ere lekua izango dute programazioan. Horrela, urtarrilaren 27tik otsailaren 25era Imanol Bengoetxea artista andoaindarrak egindako margolanak erakutsiko dira Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan. Martxoa hasieratik apirilaren 1era berriz, Alicia Martin Lopezen Joko amaigabea mostraren txanda izango da, materiaren eta naturaren dinamiken inguruko gogoeta bat aurkeztuko duena.
Basterorako sarrerak
Sarrerei dagokienez, Bastero Kulturguneko bazkideentzako aldez aurreko salmenta urtarrilak 4an hasiko da eta publiko orokorrarentzako salmenta urtarrilak 9an. Kultur etxeko leihatilan eta Internet bidez eskuratu ahal izango dira, Kutxabanken webgunean.