Desfilean 500 lagunek osatutako 19 konpartsa aterako dira berriro ere, asteburuan zehar herriko kaleak alaitzeko.
HIRIBUS-GAUTXORI zerbitzua eskainiko da ostiralean (00:00-1:30 bitartean) eta larunbatean (00:00-3:30 bitartean) ‘Garayar’-eko geltokitik, eta geldialdiak eskaripean egingo dira.
Berritasun gisa, Ostegun Gizen egunean POTX eta LOTX pailazoen ikuskizuna eskainiko da Goikoplazan, eta ostiralean kontzertu bikoitza antolatu da KOKEIN eta NATURAL PROYECT-ekin, lan berria aurkeztuko duen herriko taldea.
‘Puska-Biltzea’ edo ‘Kaldereroen’ ohiko ekitaldiek irekiko dute inauteria, eta aurten ‘Sardinaren ehorzketa’ ere berreskuratuko da jaiari amaiera emateko.
PROGRAMAZIOA
Ez da ezer geratzen, eta dagoeneko Andoaingo Udalak prest ditu 2023ko inauteriak ospatzeko egitaraua eta antolaketa. Edizio berezi honetan, pandemiaren eragozpenen ondoren, normaltasuna berreskuratuko da berriro. Kultura saileko arduradun Txitxu Ruizek aurreratu duenez, “larunbateko desfilerako 19 konpartsek eman dute izena, 500 kide ingururekin. Larunbat honetatik, urtarrilak 21, konpartsek lanerako pabiloi bat dute eskura Balastraingo industrialdean (Sorabilla); karrozak eraiki, margotu eta prestatzeko”. Zinegotziaren arabera, konpartsa horiek dira “jaiaren muina”, eta ziur daude “musikaz, dantzaz eta alaitasunez animatuko dituztela gainerako andoaindarrak mozorrotu eta kalera irtetera”.
Azken edizioko esperientzia onaren ondoren, inauteri igandeko herri bazkaria kontsolidatzea erabaki da. Goikoplazan egingo da, horretarako prestatutako espazio estali batean, catering-zerbitzuarekin, eta 2 menu egongo dira aukeran: helduentzako menu arrunta, 17 eurokoa (pasta perretxikoekin eta urdaiazpikoarekin; oilasko errea entsaladarekin; tarta milorria) eta haurrentzako menua, 12 eurokoa (makarroiak tomatearekin eta urdaiazpikoarekin, eskalopea patatekin, sandwich izoztua). Txartelak Bastero Kulturgunean erosi ahal izango dira, eta konpartsetako kideek eta inauteriak dinamizatzeko gainerako taldeek lehentasuna izango dute otsailaren 2tik 6ra bitartean, biak barne. Otsailaren 7tik 9ra bitartean, tiketak banatuko dira gainerako herritarrentzat, edukiera bete arte.
Ohi bezala, Puska Biltze ospakizun tradizionalak irekiko du jai egitaraua otsailaren 4an. Goizean goizetik, dantza eta kantu artean, gazteek baserriz baserri bilduko dute bazkaria, aurten Sorabilla auzoan. Ondoren, hurrengo astean, Kaldereroen txanda izango da. Otsailaren 10ean Ondarretako Kalderero Txikiek eta 11n Kaldereroen konpartsa osoak alaituko dituzte kaleak. Kaletxikitik irtengo dira, Adinekoen Egoitzara joango dira eta handik Goikoplazara abiatuko dira kanpamentua bertan ezartzeko. Agintariek harrera egin ondoren, Erreginak udaletxeko balkoitik hitz egingo du. Ondoren, herriko kaleak zeharkatuko dituzte.
Ostegun gizena txikienen egun handia izango da. La Salle Berrozpe ikastetxeko, Aita Larramendi ikastolako eta Ondarreta ikastetxeko ikasleak mozorrotu eta kalejira egingo dute, bi txarangak lagunduta. Pregoia egin eta txupinazoa botako dute udaletxeko balkoitik eta dantzak egingo dituzte Goikoplazan. Berritasun gisa, dantzak amaitu ondoren POTX eta LOTX pailazoen ikuskizuna eskainiko da Goikoplazan. Egunari amaiera emateko, Olagaingo txistularien kalejira eta Pintxo-Pote musikala egingo dira, Basterotik Zumea plazaraino.
Halaber, Inauteri ostirala indartzeko ahalegina egin da. Gazte Lokalak INAUTERIETAKO BINGO BEREZIA antolatu du Anbrosia Olabideko lokalean. Arratsaldean, FANTASIA kalejira antolatu da, Alizia Lurralde Miresgarrianipuinean oinarrituta; zango eta musika eta guzti, Zumeatik Goikoplazaraino abiatuko dena. Gaua kontzertu bikoitz batek osatuko du, “Atomika” lan berria aurkezteko agertokietara itzuli den KOKEIN rock talde ezagunarekin eta NATURAL PROJECT-ekin, disko berria zuzenean joko duen herriko taldea, hain zuzen.
Inauterietako larunbata izango da egun handia; goizetik, konpartsek kolorez beteko dituzte Andoaingo kaleak. 10:45etan Erraldoi eta Buruhandien Lebiton konpartsa Anbrosia Olabide-Goikoplazatik abiatuko da, kalejiran joateko Zumea plazaraino. Inauterietako desfilea izango da eguneko plater nagusia, eta 17:00etan abiatuko da, Txitibar plazatik Goikoplazaraino. 19 konpartsek parte hartuko dute: ARMY MEN, MG taldea, GULUN GELE, KLAAP Dantza Eskola, IEUP!, KOLOKAITOS, BARRIGADA, GIBSON taldea, LA SALLE BERROZPE, L@S GOLF@S, LOS LUPERCALES, PELOTOK, KALETXIKITOS, POPEROAK, GU GEU, ZUMBALOKURA, BATUKADA, ADABEBU eta MOE’S TABERNA konpartsa. Gaua erromeriarekin borobilduko da, LAIOTZ taldearekin Goikoplazan, eta NEMUX DJ andoaindar ezagunaren diskofestarekin Nafarroa Plazan.
Inauterietako igandea–rekin amaituko dira ospakizunak. Goizean zehar, konpartsek herria zeharkatzen jarraituko dute, eta eguerdian herri bazkaria egingo da Goikoplazan. Bazkaria musikaz eta Rockalean taldearen emanaldi ibiltariaz girotuko da. Urte batzuk ospatu gabe egon ondoren, aurten berriz ere Sardinaren ehorzketaren tradizioa berreskuratuko da. Sardinaren segizioa Andoainetik zehar ibiliko da negarren artean eta txarangaren erritmoan. Amaitzeko, Goikoplazan sardina erreko dute.
HIRIBUS hiri autobusaren zerbitzu berezia eskaintzea erabaki da. Ostiralean (00:00etatik 1:30era) eta larunbatean (00:00etatik 03:30era) GAUTXORI zerbitzu berezia egongo da etenik gabe. Zerbitzua San Martin elizaren atzeko Garayar geltokitik aterako da, eta geldialdiak egingo ditu, eskaripean.
Inauterietako giroa animatu eta zabaltzeko asmoz, jai batzordeak andoaindarrak gonbidatzen ditu balkoiak eta leihoak koloretako globo eta oihalekin apain ditzaten.
Azkenik, Inauterietako Argazki Lehiaketa jarriko da martxan, eta datorren urteko egitaraua irudikatuko duen argazkia aukeratuko da. Irabazlearentzako saria 350 eurokoa izango da. Andoainen bizi diren edo lan egiten duten 14 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Oinarriak Andoaingo Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango dira.