- “Ez gaude Konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore” ikuskizuna abenduraren 4an taularatuko da, Lourdes Iriondori omenaldia egiteko bere heriotzaren 15. urteurrenean
- Umore Zikloa ipiniko da martxan: helduentzako Losers , ala Fadoak entzuten zituen gizona emanaldiekin, eta gazteenentzako Goazen telebistako fenomenoarekin
- Sonakay, Zetak, Zea Mays eta Nøgen musika taldeek osatzen dute musika eskaintza eta Andoaingo Erraldoi eta Buruhaundiak Basteroko erakusketa gelan egongo dira ikusgai
COVID19aren bilakaerak andoaindar guztion eguneroko jarduna baldintzatu badu ere, Andoaingo Udaleko Kultura saila Eguberri hauetarako programazio berezia eskeintzeko buru-belarri lanean ari da. Herrian birusak eragindako egoera epidemiologikoak baldintzaturik egun batzutako geldialdia ondoren, udazkeneko kultur programazioa arazorik gabe burutzen ari da, beharrezko segurtasun neurri guztiak hartuta.
Txitxu Ruiz Kultura zinegotziaren hitzetan “ezohiko Eguberri jai hauetarako, ezohiko proposamen anitza prestatzeko erabakia hartu da, kultura segurua dela berretsi, eta momentuan indarrean dauden segurtasun araudietara egokitzen den zuzeneko programazio zabala osatuz”. Kultura sailetik apustu berezia egin da euskal konpainiak eta musika taldeak sustatzeko “COVID19ak sortu duen testuinguru zail honetan, ezinbestekoa baitute erakunde publikoen aldetik kultura programatzen jarraitzea”, sektorea osatzen duten artista, argi eta soinu teknikari, zein sortzaile horiei guztiei “bultzada bat emateko”.
Adin tarte guztientzako diseinaturiko proposamen anitza da datozen egunetan etxe guztietara banatuko den “GABON GIROAN, BIZI KULTURA” programa. Nobedade gisa, lehenengo aldiz, Euskarazko UMORE ZIKLOA ipiniko da martxan. Gabonetan euskal umoreari lekua egin nahi izan zaio. Bereziki aurten, bizi dugun egoera dela eta, behar berezia antzeman da farre eta algara egiteko. Momentu honetan euskal antzokietan diharduten puntako aktoreak pasako dira Andoaindik, besteak beste: Ane Gabarain, Aitziber Garmendia edo Jon Plazaola. Umore saio hau osatuko dute:
- Losers: Aitziber Garmendia & Jon Plazaola (Abenduak 28)
- Porno vs. Afrodita (Edo I ♥#Gorkaurbizu): Benetan Be (Abenduak 30)
- Fadoak entzuten zituen gizona (Urtarrilak 3)
Etxeko txikienek ere beraien tartea izango dute, Goazen telebistako fenomenoak ekitaldi bikoitza eskainiko du eta haurrentzako antzerkiak aurreikusi baitira:
- Goazen 7.0 (Abenduak 23)
- Kartoibiraka: Markeliñe (Urtarrilak 4)
Musikari dagokionean ere proposamen aberatsa osatu da: flamenkoa eta euskara uztartzen dituen SONAKAY, bere bigarren diska estreinatzera etorriko den Pello Reparaz-en ZETAK, ala dagoeneko beterano diren ZEA MAYS bilbotarrak edo NØGEN donostiarrak:
- Sonakay (abenduak 26)
- Zetak (abenduak 27)
- Zea Mays (urtarrilak 2)
- Nøgen (urtarrilak 7)
Gabon egun hauetan, Bastero kulturguneak bisitari berezi batzuk izango ditu. Andoaingo erraldoi eta buruhandiak Basteroko erakusketa gelan egongo dira ikusgai. Harri-kartoizko protagonistek erakusketa gelan hartuko dute atsedena. Bisita ordutegia astelehenetik ostiralera 18:30-20:00 izango da, larunbatetan 10:30-13:00 goizez eta 18:30-20:30 arratsaldez. Abenduaren 24ean eta urtarrilaren 31n arratsaldean itxita. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita.
Sarrera salmeta
Sarrerak abenduak 7tik aurrera egongo dira eskuragarri Internet bidez Kutxabank-en. Sarrerak modu elektronikoan erostea gomendatzen da, sarrerak inprimatu behar ez izateko. Hala ere, aurrez aurreko salmenta egiteko aukera izango da, Basteroko leihatila goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 16:30- 19:30 irekiko da.
Gogoratzen da bazkide izateagatik, Udaleko Kultura Sailak antolatutako ikuskizun guztietan %25eko beherapena dutela, eta baita bestelako erraztasun batzuk ere. Besteak beste, sarrerak aurrez erreserbatzeko aukera eskaintzen da: abenduaren 3tik aurrera.
UMORE ZIKLOAren baitan antolatu diren saioetarako bono eskaintza berezia aurreikusi da: helduen ikuskizunetarako abonuak (3 egun) 30€ balioko du. Sarrerak bakarka erosita 12 €ko prezioa izango dute, eta aldiz 2 sarrera erosita bakoitzak 10na euro. Haurren ikuskizun bakoitza 4 euro izango da. Deskontuak Bastero Kulturguneko takilan bakarrik aplikatuko dira. Online erosiz gero ezingo da bonorik eskuratu.
Olentzero, Mari Domingi eta 3 Errege Magoak
Eguberri hauetan COVID19aren ondorioz, ezingo dute ohikoa duten moduan Andoain gurutzatu. Abenduak 24an Olentzero eta Mari Domingi, eta urtarrilaren 5ean Meltxor, Gaspar eta Baltasar pentsatzen ari dira nola egin Andoaingo neska-mutil guztienganaino iristeko. Andoaingo Udaletxera bidali duten eskutitzean lasaitasun mezua zabaldu dute, “datozen egunetan adieraziko dutela noiz, non eta nola elkar ikusiko dugun”.
Lourdes Iriondori omenaldia
ETBko Oholtzan saioak eta Andoaingo Udalak ekoiztuko duten “Ez gaude Konforme, Lourdes Iriondo eta hamaika lore” ikuskizuna abenduraren 4an taularatuko da Andoaingo Bastero kulturgunean. Agurtzane Intxaurragak zuzentzen duen ikuskizunak Ez dok Amairuko sortzaile ezagun eta ahots ahaztezina izan zen Lourdes Iriondori omenaldia egin nahi dio bere heriotzaren 15. urteurrenean. Iriondok jende aurreko lehen emanaldia Andoainen eman baitzuen, ikastolaren alde egin zen kantaldi batean, 1964ean.
Disziplina anitz bilduko dituen ikuskizun honek, emakumeen partaidetza zabala izango du: abeslariak, musikariak, dantzariak, idazleak, guztiak ere, Lourdesen antzera, sormenaren bideari gogor eutsi dioten emakumeak. Lourdesi omenaldia egitez gain, gaur egungo Euskal Kulturgintzako emakume sortzaileentzako topagunea izan nahi du ekimenak.
Ekitaldian Olatz Salvador, Paule Bilbao eta Josune Arakistain abeslariek; Antton Valverde pianista eta abeslariak; Alaia Martin bertsolari eta aurkezleak; Noemi Viana, Myriam Perez Cazabon, Oihana Vesga eta Oinkari dantza taldeko dantzariak; Idoia Hernandez pianista; Bihotz taldeko txalapartariak, eta Easo abesbatzak hartuko dute parte.
Gitarra lagun hasi zen Lourdes Iriondo kantuan, 60. hamarkadan, gizonak jaun eta jabe ziren kultur agertoki publikoa irabaziz eta, frankismo bete-betean, Euskal kulturarekiko zeukan konpromiso politikoagatik protesta-abestiak kantatuz. Parisen gazteak askatasun bila kalera ateratzen ziren urte berean, Euskal Herrian, Lourdesen Ez gaude konforme kantua, ereserki bihurtu zen. Ekitaldi honetarako sarrera banaketa datorren astelehenean, hilak 30ean, ipiniko da martxan.