Belako, Inoren Ero Ni, Audience, Rüdiger eta Ángel Kaplan taldeek osatzen dute XIII. edizio honen kartela
Aforo mugaren ondorioz, doako gonbidapenak aurrez jaso beharko dira, ekainaren 4etik aurrera eskuragarri
Pandemiak eragindako etenaldiaren ondoren, Andoaingo Rock Jaialdia datorren ekainaren 19an, larunbata, itzuliko da XIII. edizioa izango den honetan, zaletuak gozarazteko prest. Aldaketa nagusi gisa, festibalak eguneko formatua izango du eta bi eszenatokitan banatuta egongo da: Ondarreta ikastetxeko patioa eta Bastero Kulturgunea. Hala, kartela osatzen duten bost taldeek euskal rockaren sasoi ona erakutsiko dute, estilo ezberdinetako bost proposamen erakargarrirekin. Doako gonbidapenak ekainaren 4etik aurrera egongo dira eskuragarri, ohiko kanalen bidez (Internet-Kutxabank eta Bastero kulturguneko leihatilak).
Gaur aurkeztu dute jaialdia prentsaurrekoan Txitxu Ruiz Kultura zinegotziak, Iyuya Urrutia kultura teknikariak, Felix Buff (Rüdiger), Ager Isunza eta Ruben Garatea (Audience) eta Eneko Abrego “Okene” (Inoren ero ni) artistek eta Juancar Garciak, Bloody Mary promotorako ordezkariak. Azaldu duten moduan, ekainaren 19ko egunean zehar egingo dira kontzertuak, aipatutako bi agertokiak txandakatuz, edukiera mugatuarekin eta osasun eta segurtasun berme guztiak betetzeko helburuarekin. Hori hala, kontzertuak 12:30ean hasiko dira eta azken taldea 20:45ean.
Txitxu Ruiz zinegotziak azaldu duenez, “jaialdira datozen zaletu guztiek kontzertuez berme guztiekin gozatzeko aukera izan dezaten” prestatu dute antolaketa. Ruizek adierazi du, “jaialdiak borobildu” egin nahi duela “Andoaingo Udalak kultura seguruaren alde azken urtean zehar egin duen apustua”, eta “Andoaingo kultur eskaintzak hilabete gogor hauetan eskaini duen lasaitasun eta babeslekua” azpimarratu du. “Esfortzuak merezi izan du, eta, horregatik, ez dugu zalantzarik izan jaialdia ahal bezain laster berriro martxan jartzeko, rock zaleentzat ere erreferentea delako, eta herriari giroa ematen diolako”, esan du Ruizek.
ESKAINTZA ANITZA
Audience gernikarrek emango diote hasiera jaialdiari 12:30ean Ondarreta ikastetxeko patioan. Tolesdurak izeneko pandemian zehar sortutako disko berriko abestiekin iritsiko dira Andoainera. 15:30ean, agertoki berean, Rüdiger artista beteranoa izango da. Rafa Berrio, Joseba Irazoki ala Willis Drummond bezalako artistekin urtetan zaildu ostean, orain, Felix Buffek berak hartuko du gidaritza Rüdiger alter-egoa hartuta eta Before it’s vanished estreinako diskoa aurkezteko, pop-etik folkera eta nazioarteko indie-ra doan proposamen zabal batekin.
Eszenatoki aldaketa Basterora, 17:45ean Angel Kaplan eta bere bandaren emanaldiarekin. Estatuko power-pop onenaren erreferentzia da artista hau. Hainbat urtetan makina bat taldetan aritu ondoren eta 80. hamarkadako neo-psicodelia eta kutsu klasikoagoko pop estiloetan murgildu ostean, bakarkako ibilbideari ekin dio. 19:00etan, asturiarrak Inoren Ero Ni (Ondarretako patioa) talde beteranoari emango dio lekukoa. Euskal post-rockaren kultuko talde bihurtuta jada, Andoainera iritsiko dira lan berri bat aurkeztera baita ere: Il cercatore di perle. Kritikaren ustez, taldearen ibilbide luzeko disko onenetako bat da.
Azken buruko, iluntzean, Belako taldeak hartuko du Bastero Kulturguneko agertokia. Mungiako taldea 20:45ean hasiko da aurtengo jaialdiari amaiera emateko. Mundu osoko jaialdi ospetsuetan parte hartu ondoren, nazioarte mailako talde bihurtuta, iaz plazaratutako Plastic Drama lana aurkeztuko digute, orain arteko konposizio errebindikatzaile eta indartsuenak biltzen dituena, hain zuzen.
Halaber, jaialdiaren esparruan, ekainaren 11n, J. A. Areta Goñi “Juxe”-ren argazkien bidez jaialdiaren historia erakusten duen argazki erakusketa inauguratuko da. Erakusketaren helburua jaialdiaren espiritua ezagutaraztea eta erakustea da. Uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai erakusketa-aretoan, ohiko ordutegian (astelehenetik ostiralera, astearteetan izan ezik, 18:30etik 20:00etara eta larunbatetan 10:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era).
5 KONTZERTURAKO SARRERAK, EKAINAREN 4ETIK AURRERA
Andoaingo rock jaialdirako sarrerak doan eskuratu ahal izango dira ekainaren 4etik aurrera, ohiko bideetatik, eta, egoera ikusita, gomendagarria da modalitate telematikoak erabiltzea. Kontzertu bakoitzerako sarrera bana eskuratu beharko da. Horrela, gonbidapenak eskuragarri egongo dira Interneten eta Kutxabankeko kutxazainetan, baina baita Bastero Kulturguneko leihatilan ere, 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era.