DEIadar elkarteak eta Andoaingo Udalak elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Loidi piano etxearen laguntzarekin, antolatuko duten  17. Andoaingo piano jaialdia otsailaren 12- 13an izango da. Aurten, ere, berrikuntzekin.

Astebukaerako saioen aurretik, otsailaren 10an, Euskadiko Musikari Gazteen XIV. lehiaketako irabazleen piano errezitala izango da.  Joseba Korta eta Sarah Pérarnaud gazteek eskainitako kontzertua ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan.

Otsailaren 11an berriz, Francisco Escudero Kontserbatorioko orkestra sinfonikoak kontzertua eskainiko du. Libe Azpiroz, Telmo Santos eta Martin Daly piano bakarlari gisa arituko dira, Garikoitz Gonzalez zuzendariaren gidaritzapean.

OTSAILAK 12-13 ASTEBURUA

17. edizioan, 6 eta 25 urte bitarteko 555 piano-joleek hartuko dute parte piano jaialdian, Gipuzkoako (464), Bizkaiko (50) eta Nafarroako (41), hain zuzen ere. Pandemiak behartuta, aurten bakarlari gisa bakarrik parte hartuko dute parte-hartzaileak. 

Astebukaerako kontzertuak Bastero kulturguneko Auditorioa eta Ekitaldi aretoan egingo dira. 22 saiotan banatuko dira parte-hartzaileak eta iaz bezala, pandemia dela eta, pilaketak ekiditeko, saio bakoitzaren ostean egingo da sari banaketa.

Estilo eta garai desberdinetako 657 obra desberdinen artetik aukeratu dituzte piano-jole gazte hauek interpretatuko dituzten piezak, eta aurten ere, obra berriak gehitu dira errepertoriora.

Javier Gonzalez Sarmiento interpretazioko sari berezia bigarren urtez egingo da. Berrikuntza gisa, Luis Fraca pianorako konposizio sari berezia aurkeztuko da. 

Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Deiadar elkarteko Myriam Ulanga, Txitxu Castro eta Ainhoa Aiertza ordezkariek eta Txitxu Ruiz, Andoaingo Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. 

Ruizen esanetan “Euskadi osoko pianoaren topaleku bilakatuko da Andoain datorren astean, urtez urte erreferente bilakatu baikara”. Gogorarazi du “iaz esfortzu berezia egin zela, Covid19-aren mugak gainditu, eta jaialdia egin ahal izateko, demostratu genuen musika eta kultura segurua direla”. Edizio berriari buruz aipatu du “555 partaiderekin errekuperazioaren edizioa izango dela, eta Udalaren izenean esker bereziak eman nahi dizkiet jaialdiaren antolakuntzaren zama bere gain hartzen duen Deiadar elkarteari, eta musikari guzti horien kudeaketan laguntzen izango diren irakasle, familia eta bolondres guzti horiei”.

Parte-hartzaile bakoitza dagokion saioa baino 30 minutu lehenago joango da Basterora.  Saioaren amaieran epaimahaiaren erabakia irakurri eta dominak banatuko dira.

Jaialdiaren egunean pandemiak eskatutako protokoloa errespetatzeko konpromisoa hartu dute bertaratutako guztiek. Protokoloa hori Jaialdiaren webgunean (http://andoaingopianojaialdia.eus/es)  ezarriko da jaialdia baino astebete lehenago.

17. edizioko epaileak Audra Almanaytite, Virginia Mendia, Sandra Miranda, Imanol Iribarren, Ana Teresa Rodriguez, Jose Ramon Rodriguez eta Borja Rubiños piano irakasleak izango dira. Javier Gonzalez Sarmiento interpretazioko sari berezia eta Luis Fraca pianorako konposizio sari bereziko epaimahaia aldiz, Maruxa Llorente, Emilio Molina, Itxaso Sainz de la Maza, Javier Gonzalez Sarmiento eta Maite Aurrekoetxea izango dira.