Eñaut Elorrieta, Mikel Erentxun eta Olatz Salvadorren musika emanaldiek eta GO!AZENen emanaldi bikoitzak osatuko dute Basteroko kultur eskaintza.

Olentzero eta Mari Domingiri harrera abenduaren 24an egingo zaie eta Errege Magoen Kabalgata urtarrilaren 5ean egingo da, oraingoan murrizketarik gabe eta formatu tradizionala berreskuratuz.

Hilaren 28, 29 eta 30ean Allurralde kiroldegiak Gabonetako Haur Parkea hartuko du; abenduaren 30ean rock kontzertu bikoitza egingo da herriko taldeekin Zumea plazan; eta 31n San Silvestre lasterketa itzuliko da.

Egoera pandemikoak baldintzatutako azken Gabonen ondoren, aurten normaltasun osoz garatuko den kultur eta aisialdi programazioa berreskuratuko da. Horrela, Andoaingo Udalak jarduera programa berezia du prest datozen jaiei begira, jatorrizko formatua berreskuratuz eta azken urteetako mugarik gabe. GABON GIROAN programazioa, udal sail ezberdinen arteko lankidetzaren emaitza, gaur aurkeztu dute Mari Jose Izagirre Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Gazteria zinegotziak eta Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.

Agerraldian, Izagirrek esan du etxeko txikientzat hain bereziak diran egun hauetan “ez dela faltako eurentzat bereziki pentsatutako jarduerarik, gustu eta adin tarte ezberdinei zuzendutako programazio anitzarekin”. Era berean, barrualdeko eta aire zabaleko jarduerak uztartuko direla nabarmendu du, “herriko kaleak dinamizatzeko”.

Bestalde, Ruiz pozik agertu da “maskarak eta segurtasun-distantziak atzean utzi ahal izateagatik”, “Gabonetako kultura eta ospakizunak bizirik eta aktibo mantentzeko egindako ahalegina” balioan ipini nahi izan du, “unerik kritikoenetan ere, edukiera eta murriztapen fisikoak gorabehera, aurrera eman ahal izan direlarik”.

Musika eskaintza zabala

Musikari dagokionez, alde batetik, abenduaren 30ean rock saio bikoitza antolatu da Zumea plazan, 20:00etan, Black Smoke etaDukkha herriko taldeen emanaldiekin. Bestalde, Basterotik musika panoramako izen ospetsuak pasako dira. Horrela, urtarrilaren 2an, Eñaut Elorrietak bere proiektu berria aurkeztuko du. Ken Zazpi taldeko abeslari ohiak bere klasikoetatik hasi eta Fantasialanaren berriena eskainiko du. Urtarrilaren 4an, Mikel Erentxun taula gainera igoko da, bere banda osorik hartuta eta formatu elektrikoan, 35 urteko ibilbide musikalari errepasoa egiteko, Duncan Dhu taldearekin egindako lehen grabazioetatik hasi eta gaur egunera arte. Azkenik, urtarrilaren 6an, Olatz Salvador artista donostiarrak Eraman nazazu biraren azken txanpari ekingo dio, Guadi Galego abeslari galiziarraren laguntzarekin.

Etxeko gazteenentzat, urtarrilaren 3an GO!AZEN 9.0 taldearen emanaldi bikoitza eskainiko da eguerdiko 12:30ean eta arratsaldeko 16:30ean. Telebistako fenomenoak hazten jarraitzen du eta Basakabiko kideek Basterora ekarriko dituzte euren abesti, dantza eta abenturak.

Gazteenentzako hitzorduak

Datozen asteetan ez da faltako gaztetxoei eskainitako aisialdirako eta dibertimendurako hitzordurik. Gabonetako pertsonaiekin honako hitzordu hauek izango dira:

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi espigoi-muturrean hartuko dituzte Oria eta Leitzaran ibaiek bat egiten duten lekuan, 18:00etan. Euskal ikazkin ezagunenak bere txondorra prestatuko du Andoainen eta Mari Domingik lagunduta, herriko haurrekin elkartuko dira.

Errege Magoak ere ez dira faltako urtarrilaren 5ean. Paje eta laguntzaileen komitiba Goiburu auzotik herrigunera jaitsiko da 18:30ean, Zumea plazatik Udaletxeraino. Aurretik, 16:45ean, Adinekoen Egoitza bisitatuko dute.

Gainera, aurten ez da faltako Gabonetako Haur Parkea (PIN). 3 eta 11 urte bitarteko haurrek puzgarriak, tailer bereziak eta ikuskizunak izango dituzte Gabonetako oporretan. Abenduaren 28, 29 eta 30ean haurrentzako parkea Allurralde kiroldegian jarriko da, sarrera doakoa izanik. Egunaren arabera, ordutegia desberdina izango da. Hala, hilaren 28ko arratsaldean, dibertsitate funtzionala duten gazteentzat zabalik egongo da parkea, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 29an eta 30ean goizez (11:00-13:30) eta arratsaldez (16:00-20:00) irekiko da.

Kale-ekintzak eta kirola

Hasteko, Gabonetako giroaren atarian, Gora Kaletxiki txaranga arduratuko da kaleak alaitzeaz (abenduaren 17an). Goiz horretan bertan, URKIk gaztain-erre jana antolatu du Juanita Alkain plazan, eta arratsaldean Etxeberrietako Jai Batzordeak gabon festa ospatuko du, Olentzero eta Mari Domingi bertan direla, txikienen eskutitzak jasotzeko; goxoki eta txokolaterik ez da faltako.

Abenduaren 30ean, bertso-poteoak eta txalapartak erdiguneko kaleak gurutzatuko dituzte. Olagain txistulari elkarteak berriz kalejira egingo du Gabon Zahar egunean.

Pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, abenduaren 31n itzuliko da urteko azken kirol proba jendetsua. San Silvestre lasterketa Zumea plazatik aterako da, eta bertako kirolariek euren egoera fisikoa erakusteko aukera izango dute, baita mozorro dotoreenak janzteko ere.

Urteko zaharreko azken orduak eta berriko lehenak girotzeko, disko-festa bat ere antolatu da DJ Nemuxekin. Dantza eta dibertimendurako aukera bikain hau Nafarroa plazan izango da 20:00etatik 21:30etara eta 01:00etatik 3:30etara.

Basterorako sarrerak

Basteroko sarrerei dagokienez, Bastero Kulturguneko bazkideentzako aldez aurreko salmenta abenduaren 12an hasiko da eta publiko orokorrarentzako salmenta abenduaren 15ean. Kultur etxeko leihatilan eta Internet bidez eskuratu ahal izango dira, Kutxabanken webgunean. Sarrera guztiek 12 euroko prezioa izango dute, baina bigarren sarreratik aurrera 10 euroko prezioa izango dute. Haurrentzako ikuskizunen prezioa 6 eurokoa da.