Ostiral honetan irekiko da Basteron “MARTIN UGALDE ORRADRE, Andoain 1921 – Hondarribia 2004” erakusketa eta azaroaren 11n irakurraldi publikoa egingo da Martin Ugalde Kultur parkean.

Angel Lertxundi idazleak 1997an Ugalderi idatzitako glosak osatu ditu, eta Udalak “MARTIN UGALDE MENDEURRENA: Herriminaren prosak” liburua argitaratu du.

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrenaren kariaz, azaroan zehar, herriko seme kutunaren omenezko egitarau zabala osatu da, Kultura eta Euskara sailen artean koordinatutako hitzordu ugarirekin. Erakundeen arteko lankidetza estu baten emaitza, zenbait ekimenetan Udalak bidelagun izango ditu Martin Ugalde Kultur Parkea, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Hondarribiako Udala, Elkar Fundazioa, Berria Taldea, Jakin, Euskal Idazleen Elkartea eta Martin Ugalderen familia bera. Hala, hitzordu esanguratsuenak aurkezteko asmoz, agerraldia egin dute Bastero Kulturgunean Alexander Huitzi euskara zinegotziak, Txitxu Ruiz hezkuntza eta kultura zinegotziak, eta Joanmari Larrarte Martin Ugalde Kultur Parkeko ordezkariak.

Huitzik gogora ekarri du 1997ko azaroaren 9an Andoaingo udal ordezkariek aho batez herriko izendapen gorena eman zitzaiola Ugalderi: “Martin Ugalde Orradre, Andoaingo herriko seme kuttun izendatu genuen. Euskal kulturaren ordezkari eta herriko eragile ugari lekuko zirela. Andoaingo herriarentzat eta Udalarentzat, baita euskalgintzarentzat, Ugalde erreferente garrantzitsua izan da eta izango da. Kazetaria, idazlea, euskaltzain urgazlea, politikaria… arrasto oparoa utzi zuen gizona, euskaldun nekaezina. Andoaingo herriarentzat erreferente nabarmena.”

Erakusketa Basteron ostiraletik aurrera

Haren ibilbideari omenaldia egiteko, erakusketa zabal batean jasoko da idazle, kazetari eta euskaltzale ezagunaren lana. Azaroaren 5ean, ostirala, inauguratuko da eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai, Bastero Kulturguneko erakusketa aretoan ohiko ordutegian (astelehen-ostiral 18:30-20:00, larunbatetan 10:30-13:30 eta 18:00-20:30, igande eta astearteak itxita). 

Martin Ugalde Kultur Parkeko Joanmari Larrartek azaldu du “erakusketaren helburua Andoaingo kazetari eta idazlearen bizitza eta lan oparoa ezagutzera ematea” dela. Horretarako, lau ataletan banatuta, bere ibilbidea eta bere obra erakutsiko dira, irudi ezberdinen proiekzioa ikusgai egongo da, Ugaldek idatzitako hainbat liburu, beste hainbeste elementurekin batera. Erakusketa hau dagoeneko Hondarribian, Donostiako Koldo Mitxelenan edo Bilboko EHUko egoitzan aurkeztua izan da. Andoainen itxiko du urte osoan zehar burutu duen ibilbidea.

Bere lanaren irakurketa publikoa

Ekitaldiekin jarraituz, azaroaren 11ko data esanguratsuan, bere lanaren irakurketa publikoa egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean. Larrartek adierazi duenez, bertan parte hartuko dute jaiotzaren 100 urteak ospatzeko elkarlanean jardun duten erakunde ezberdinek, tartean, Andoaingo Udal ordezkariek eta Andoaingo herriak, bai eta euskalgintzaren ordezkaritza zabal batek ere. Hala, Itzulera baten historia izeneko Ugalderen lana irakurriko da, goizeko 11:00etatik aurrera etenik gabe.